Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean langileen ordezkariak lortutako aurre-akordioaren berri eman zioten langileen batzarrari eta aho batez onartua izan zen. Horrekin batera deituta zeuden mobilizazioak bertan behera gelditu ziren. Adostutakoak klinikako 50 bat langileei eragiten die. AkordioaLangileen ordezkariek aditzera eman digutenez, enpresa paktuan honakoak jaso dira: "2007 eta 2008rako paktua da. Aurten, lanaldi osoan ari diren pertsonek 500 euroko paga bat jasoko dute. Paga hori heldu den urtean mantendu eginen da eta soldatek kontsumo prezioen indizea gehi 2 puntuko igoera izanen dute". Horretaz gain, jai egunetan eta gauez lan egiteagatik ordaintzen dena igo eginen da eta ordu estrak kobratzen hasiko dira. Azkenik, aldeek lan egutegia egitea adostu dute. BalorazioaGuztiaren berri emateko prentsaurrekoa eman zuten atzo Arantxa Salegi Rivera, Rakel Ausin Campos eta Fernanda Jorge Palacios langileen ordezkariak eta ELAko Sakanako arduradun Gorka Vierge Ortizek. Aurrenak adierazi zuten langileak "oso pozik" zeudela lortutakoarekin. Gehitu zutenez, "hau hasiera da. Denak batuta gaude eta eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu. Indartsu eta optimista sentitzen gara". Langileen "babesa eta konfidantza" sentitu zutela adierazi zuten. Gorka Vierge Ortizek, bestalde, "oso garrantzitsutzat" jo zuen akordioa. ELAko kideak esan zuen "paktuak etengabeko hobekuntzarako oinarriak jarri" dituela. "Pozik" azaldu zen ordezkarien eta langileen lanarekin, "lan baldintzak hobetzeko borroka egin behar delako". Gorkak nabarmendu zuenez lortutako akordioa "bi aldeendako ona da. Lan baldintzak duintzen ditu, horrek motibazioa handitzen du eta zerbitzuan eragin positiboa izanen du". Aldi berean, langileen protestaldiak arazorik sortu badu, "ulertzeko" eskatu zuen.