Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
GabeziakParlamentarioak bileran jakin ahal izan zuten Altsasuko osasun etxean hainbat gabezi larri daudela, esate baterako: ur beltzak ez daude kanalizatuta eta putzu septiko batean biltzen dira eta hura langileek abisu ematen dutenean husten da; araudiak dioenaren kontra esterilizazio eta desinfekziorako gela propiorik ez dago eta gela hori odola ateratzeko, espirometriak eta elektrokardiogramak egiteko eta larrialdietarako erabiltzen da; espazio falta ere nabarmena da, izan ere, errehabilitazioko medikua, pediatrian laguntzen duena eta erizainak txandak egin behar dituzte gela bat izateko eta gela horretan ere espirometriak egiten dira eta berogailuarendako gasolio depositua autobus geltokiaren azpian dago eta horrek araudia urratzen du.Osasun Kontseiluko buru Maria Jose Notariok adierazi digunez, Osasunbideari eskatu zioten "ez hartzeko soilik kontuan osasun txartel kopurua, adin tartean oinarritutako eskala ponderatuak baizik. Altsasuko populazioa zahartuta dagoelako". Horretaz gain, Notariok azaldu digu langileek kontsulta bakoitzeko 10 minutu eskatu dituztela, "gaur egun 8 minutu dituzte eta egun normal batean, lanaldiaren erdian atzerapena 20 minutukoa da. Baina ordu batekoa izan daiteke larrialdiren batera atera behar badute". GehiagoOsasun kontseiluko kideek ere pediatriako larrialdi zerbitzu baten premia zegoela nabarmendu zuten. Horrekin batera, txanda emateko zentralita egoki bat eta lan gehien dagoen garairako langile bat kontratatzea eskatu zuen osasun kontseiluak. Maria Jose Notariok azaldu digunez, "telefonoz hots egiten denbora asko eman dezakezu eta inork ez dizu hartzen. Hori ekiditeko jendea goizeko zazpietarako osasun etxearen atean ilara egiten egoten da. 8:00etan zabaltzen da atea". Notariok berak esan digunez eguneko zita ez den kontsulta baterako itxaron zerrenda 15 egunekoa baino gehiago da. Altsasuko osasun etxean tokirik ez dagoenez, errefortzuzko medikuari ez diotela erizain laguntzailerik jarri salatu zuen osasun kontseiluak. Horretaz gai, ilbeltzetik aurrera mediku eta erizainek zaintza presentzialak eginen dituzte eta hurrengo egunean jai izanen dute. Notariok esan digunez, "profesionalek uste dute jendea bere konfidantzazko medikua dagoenean joanen dela. Horregatik atseden egunaren ondoren bueltatzean zerbitzua gainezka eginen duenaren beldur dira". Horiek eta beste hainbat arrazoirengatik Altsasuko osasun eskualdeko Lehen Arretako Lantaldea ez du zuzendaritzarik izanen ilbeltzetik aurrera. Inork ez du zuzendearitza ardurarik hartu nahi. Erabaki horren lehen ondorioa izanen da ezinen dela osasun kontseilua bildu, eta Notariok dionez, "ezin izanen da kexarik aurkeztu". EskaeraOsasun batzordeko parlamentariei "premiazko eskaerak" egin zizkieten. Baina Maria Jose Notariok esan digu "udaleko talde guztien nahia da osasun etxea handitzea eta horrekin batera izatea: larrialdi zerbitzua, X izpiak, sendagile espezialdua, bereziki, buru osasunekoa eta medikudun anbulantzia izatea. Ez da ez logikoa ez gizatiarra Iruñeko bide erdian anbulantzia batetik bestera aldatu behar izatea".