500.000 bisitari urtean

Guaixe 2007ko abenduaren 28a

Kultur eta Turismo Ekintzetxeak heldu den urterako prestatu duen egitasmoak "Sakana produktu turistiko gisa saldu eta erakargarri egiteko" ildoak markatzen ditu. Hala ere, ekintzetxeko zuzendaritzak garbi du turismoa ez dela dena. Horregatik, aurreikusten dituen inbertsioak "lehen-lehenik, sakandarren bizi kalitatea hobetzeko izanen dira eta, horren ondoren soilik eman dakieke erabilera turistikoa". Sakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak aurreratu duenez, diru iturriak ere zehaztuak daude eta ekimenak berehala hasiko dira gauzatzen. Sakandarrei zerbitzua eman nahi horretan proposatu diren neurri zehatzen artean honako hauek daude:A) Herri guztietan lehen premiako elikagaiak salduko dituen denda bana egotea. Establezimendu horietan internet ibiltzeko ordenagailua eta fax zerbitzua izanen dira. Horretaz gain, nagusiak hala nahi badu taberna jartzeko aukera egonen da atal berezitu batean. Horretarako Cederna Garalurren laguntza izanen du ekintzetxeak eta Europako laguntzak ere. B) Herri guztietan erabilera anitzeko espazio dotazionala sortuko da. Espazio horiek batzarrak egin, kultur jarduerak hartu edo herriko kultur taldeak biltzeko balioko dute, besteak beste. Bestalde, Sakanako kultur azpiegituren sarea osatuko da horrela eta herri guztietan kultur ekitaldiak programatzeko toki egoki bat izanen da. Nafarroako Gobernua eta estatuko gobernuaren laguntzak hitzartuak daude horretarako. C) Museo plana. Historiarekin, etnografiarekin, naturarekin, kulturarekin eta bizitzako beste aspektu batzuekin lotura duten Sakanako museoen sarea aurreikusi du ekintzetxeak. Herri bakoitzean bana izanen da. Izurdiaga eta Urritzolakoek adibidez, ez dute inongo eraikinik izango. Arakil eta Larraun ibaien batzearen inguruko "museo ireki eta bizia izanen da". Ekintzetxetik ez dizkigute xehetasun guztiak eman, baina jakin dugunez, Arbizun lihoari eskainitako museoa legoke eta Ziordia edo Olatzagutian harrobiei eta haien ustiakuntzari buruzkoa. D) Sakana, eskultura parkea. Ekintzetxeak urtero eskultura lehiaketa bat deituko du. Horren asmoa da, Sakanaren izena zabaltzeaz gain, herri bakoitzean gutxienez eskultura bat jartzea eta hori ere bisitarien erakargarri bihurtzea. E) Sakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak ez du oraindik baztertu bisitariak ibarreko lantoki esanguratsuenetara bisitan eramateko aukera. Hala, aluminioaren eraldaketa, fundizio baten edo porlandegi baten martxa ezagutzeko aukera izanen lukete. F) Ondarea baloritzatu. Horretarako bi ardatz markatu dira: historia eta euskara. Historiari dagokionez, heldu den urteko udaberrirako martxan egonen den ekimena da Nafarroako erresumak ibarrean zituen gazteluak seinaleztatzea eta haien inguruko informazioa zabaltzea. Adin guztiak kontuan izan dira eta hala helduendako dibulgazio DVDa argitaratuko da eta ikasleek ikastetxean lantzeko unitate didaktikoak landu dira.Hizkuntzari dagokionez, atzerriko euskara ikasleak Sakanara erakartzeko plangintza zehatza egin da eta atzerriko hizkuntza eskola eta unibertsitateetako ikasleei eskaintza egin zaie. Euskara praktikatzeko barnetegi berezituak eskainiko dira. Gainera, sakandarren etxeetan egonaldiak eskainiko dira ere. Horregatik biztanleek diru apur bat irabazteko aukera izanen dute. Eskaintza horretan euskalkiek duten erakarpena ere baliatuko da, inguruko herrialdeetako bisitariak erakartzeko. Ibilbide sareaAparteko aipamena merezi du ekintzetxeak sortu nahi duen ibarreko ibilbideen sareak. Plangintza horren "izarra" ibarra mutur batetik bestera zeharkatuko duen Donejakue edo Santiago bidearen berreskurapena izanen da. Iruña eta Agurain arteko aurreneko bide hura berreskuratzeko ahalegin berezia eginen du. Dagoeneko Nafarroako Donejakue elkartearekin lortu beharreko hitzarmena nahikoa aurreratua dago eta aurki sinatuko da. Hala, Sakanako Donejakue bidea promozionatzen hasiko dira heldu den urteko udaberritik aurrera. Bestalde, Nafarroako Erromanikoaren Elkartearekin izandako harremanek fruituak eman dituzte eta Sakanako erromanikoari buruzko argitalpena inprentatik ateratzear dago. Donejakue bideaz gain, aparteko garrantzia izanen du ere Plazaola ibilbidearen berreskurapenak. Irurtzun eta Arakilgo Udalak ikututako udalekin egin dituzten bilerek fruitua eman dute eta Euro-Belo egitasmoaren diru laguntza jaso dute. Ibilbide sarea herri bakoitzean egonen diren ibilbideekin osatuko da. Ekintzetxeak aurreratu duenez, herri bakoitzetik Aralarrera eta Andia-Urbasara eramanen duen bide bana markatuko dute. Horrek, garai bateko galtzadak berritu eta egokitzeko bidea emanen du. Lan hori Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Babestutako Gizarte Enplegurako programaren bidez garatuko dira. Hala, horretan ari direnek ogibidea ikasteko aukera izanen dute eta euskara pixka bat ere, ez badakite. Egitasmo hori aurrera eramateko Landa Garapenerako eta Turismo Departamentuen laguntza izanen da, azienda mendira igotzeko bideak izanen baitira konponduko direnak.Horretaz gain, aldapan gora ibili nahi ez duten pertsonendako, herri inguruetan 5-10 km bitarteko ibilbide lauak seinaleztatuko dira. Horretarako gaur egun herritarrak paseatzeko erabiltzen diren bideak erabiliko dira. Izan ere, ekintzetxeak ez du nahi "turismoari zabaltzea herri bakoitzeko txoko xarmangarrienak. Horiek bisitariek haien kabuz ezagutu beharko dituzte eta, hala, sakandarrek haietaz lasai gozatzeko aukera izaten jarraituko dute". Ibilbide sare horren inguruko argitalpenak aste santurako Sakanako landetxe, hotel eta kanpinetan izanen dira. Nafarroako Gobernuaren bidez turismo azoketan ere zabalduko dira. Baina ibilbideen sareari lotuta, Sakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak aterpetxe eta bestelako baliabideen sare bat sortu nahi du. Hala, basoetan dauden auntzetxeak, ermita zaharrak edo bestelako eraikinak berreraiki eta erabilera berriak emanen zaizkie. Batzuk basoaren erdian daudenez, aterpe bihurtu eta han gaua emateko aukera eskainiko dute, esaterako, Satrustegiko Berama ermita zenak. Naturarekin lotura zuzena izanen dute eraikuntza horiek. Hala, Altsasuko gaztelua hegaztiak behatzeko puntu bihurtzea onartu du ekintzetxeko zuzendaritzak. Ibilbide sarea eta Sakanako kirol azpiegiturak ere bisitariak erakartzeko baliatu nahi ditu. Hala, hainbat kirol talde eta federaziori ibarreko kirol eta ostalaritza azpiegituren berri ematen duen dosierra bidali diete. JarduerakSakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak urte guztirako kultur jarduera egitarau zabala antolatu du. Haien oinarria bertako kultur eragileak izanen dira. Hala, kultur azpiegituren sarean ibarreko musika taldeak, musika eskoletako ikasle aurreratuak, dantza taldeak eta bestelakoen emanaldiak ziurtatu dira. Horretaz gain, nazioartean Sakanaren izena zabaltzeko bi jarduera puntual garatzea erabaki da. Bata, eremu urriko hizkuntzen zinema jaialdia. Bere garaian Euskaldunon Egunkariak sustatu zuen zinema jaialdia Sakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak, Zarauzko Udalak eta Zuberoako Etxarriko herriaren etxeak sustatuta sortu da eta maiatzean jokatuko da. Urtero herri bat izanen da egoitza nagusia, baina 3etan ikusi ahal izanen dira filmak. Horrela egin da tokiko 3 administrazioen diru laguntza eta Europakoa jaso ahal izateko. Horretaz gain, sanferminen ondoren, urtero errepikatuko den maila handiko musika jaialdi handia antolatuko du Sakanako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak. Arakil, Aranaz eta Burunda txandakatuz joanen dira hura hartzen. 2008an Hiriberriko futbol zelai zaharrean izanen da jaialdia eta kartel burua Led Zeppelin talde mitikoa izanen da.