Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehen neurketan, 16:30an, beteranak senior mailakoen kontra aritu ziren. Bigarrenean berriz, gizonezko beteranoen arteko lehia izan zen. Aspaldiko izarrak kantxara agertu baziren ere, oraindik maila onean direla erakutsi zuten eta neurketa biak emaitza berdinduekin amaitu ziren. Aurten gainera, emakume beteranoak parte hartzen zuten lehen urtea zen eta oso gustura aritu ziren jokoan. Partidak despeditzean Marin-Guirado familiak utzitako saski ederra zozketatu zen ikusleen artean eta Julen Mendia saskibaloi eskolako gaztetxoari egokitu zitzaion sari erraldoia. 34 urteko Juan Jose Marin altsasuarra 2003ko urriaren 19an zendu zen, ehiza istripu batean. Saskibaloi zale amorratua zen eta Altsasuko taldean jokatzeaz gain, Alvecon ekipoan ere aritu izan zen. Neurketak ikusten izan ziren bere familiakoak eta "bere ama oso eskertuta azaldu zen bere semeari omenaldi txiki hori urtero egiteagatik" antolatzaileek azaldu digutenez. Memoriala giro onean eta ikuskizun politarekin gauzatu zen. Ikusle aldetik, egitasmoaren arduradunek azaldu zutenez "ez zen nahi haina jende gerturatu Zelandira, baina hala ere gustura aritu ginen, datorren urtean berrikuntzaren bat egiten saiatuko gara oraindik hobea izan dadila".