Irurtzun 18:00etan abiatuko da Machain paretik erregeen gurdia. Kalean gora abiatuko dira erret gurdia eta hura inguratzen duten zuzi eramaileak. Botikaren parera iristean segizioak geldialdia eginen du, erregeek Herodesekin hitz egin behar dutelako. Solasaldia eta gero erregeak Irurtzundik barnako ibilbidearekin jarraituko dute. Bidean goxokiak banatuko dituzte. San Martin elizara iritsi eta gero hara sartu eta haurrei harrera eginen diete. Txikien eskaerak jakinarazi eta goxokiak jasoko dituzte trukean. Ondoren, hala eskatu duten etxeetara bisitan joanen dira ekialdeko magoak. Uharte Arakil18:30ean agertuko da errege segizioa herri sarreran dagoen zurgindegi handiaren parean. 3 gurdiz osatua izanen da segizioa. Bidea oparien gurdiak zabalduko du. Heldu den urtean jaunartzea eginen duten haurrek aingerutxoarena eginen dute. Atzetik jaiotzaren gurdia joanen da eta segizioa erregeen gurdiak itxiko du. Herrirantz hartu eta Itxesia auzora joanen dira erregeak. Herri gunera bueltan, hura ezagutzeko aukera izanen dute magoek eta ibilbidea elizan bukatuko da, hitza hartu eta haurrei zuzenduko zaizkie. Hitzek goxokien banaketara emanen diete txanda. Elizakoa eta gero erregeak etxez etxe ibiliko dira, haiek ikustera atera ezin zutenei bisita egin eta opari bat ematera. Lakuntza Ubelde gaineko zubian 18:30 aldera agertuko da ekialdeko erregeen segizioa, guztiak ere bidea zabaltzen duen izarrari segika. Tronpeta joleek erregeen etorrera iragarriko dute. Errege bakoitza, zaldi gainean, estandarteaz eta morroiaz lagunduta etorriko da Lakuntzara. Haien atzetik gurdiak etorriko dira. Aurten kabalgata antolatzen den 50. urteurrena denez, ospakizunak bere berezitasuna izanen du eta lehen urteetan erabiltzen zen gurdia aterako dute karriketara, jostailuen gurdia hain zuzen. Haren atzetik beste zazpi gurdi izanen dira: izarrena, Herodesena, piraten barkua, poloko hotza irudikatzen duen gurdia, San Donatorena, zirkoa eta Biltoki elkartearen maskota den iratxoa. Lakuntzan barnako ibilbidea eginen du segizioak, han eta hemen goxokiak banatuz. 20:00ak aldera elizako estalpean geldituko dira jaio berria gurtzeko. Ordu erdi geroago elizan sartu eta han erregeek opariak banatuko dizkiete haurrei. ArbizuSan Juan ermita aldetik sartuko da erret segizioa Arbizun arratsaldeko 18:00ak pasatxo direnean. Zuzi eramaileak eta musikariek iragarriko dute ekialdeko Erregeak herrian direla. Kantuen laguntzaz herrian barna ibiliko dira eta segizioa elizan bukatuko da, meza bukatu berri denean. Ekialdetik etorritakoek hitza hartu eta arbizuarrei zuzenduko zaizkie. Ondoren ebanjelioko pasarte bat irakurriko da. Bukatutakoan haurrak erregeengana hurbildu eta oparia jasotzeko aukera izanen dute. ErgoienaEkialdeko magoak 18:30 inguru agertuko dira Lizarragan. Beraien Ergoienako ibilbidea han hasiko dute eta lehen geldialdia Dorraon izanen da. Musika eta kantuekin eginen diete harrera erregeei dorrobarrek. Denek ere jakiren bat dastatzeko aukera izanen dute. Dorrobarrak agurtu eta gero Unanurako bidea hartuko du errege segizioak. Unanun ere ongi etorri beroa eginen diete magoei eta mokaduren bat jateko aukera izanen da. Ergoienan barnako ibilbidea Lizarragan bukatuko da. Herria bisitatuko dute eta guztiei agurra emanen diete. Etxarri AranatzElizatik abiatuko da errege segizioa 19:00etan. Ekialdeko magoak gurdi batean joanen dira eta beste batean jaiotza. Haiei laguntzen suziak daramatzaten laguntzaileak izanen dira. Etxarrin barna ibilbidea eginen dute erregeek eta kultur etxean despedituko dute. Han harrera eginen zaie eta erregeak bildutakoei zuzenduko zaizkie eta kantuak ez dira ekitaldian faltako. Haurrak erregeekin egoteko aukera ere izanen dute eta goxokiekin unearen oroitzapen goxoa gordeko dute. BakaikuEkialdeko erregeen morroiak ostegunean Bakaikun izanen dira eta elizan haurrek erregeei idatzitako gutunak jasoko dituzte. Magoen bisita, bi egun geroago izanen da. Beheko basotik etorriko dira 18:30ean. Haiek daramatzan gurdiarekin batera, jaiotza daramana eta oparienak osatuko dute errege segizioa. Bakaikun barna bisita egin ondoren, haien ibilbidea elizan bukatuko da. Hara erregeak, jaiotza eta bakaikuar guztiak sartuko dira. Erregeetako batek eta haur batek hitza hartuko dute eta bisita despeditu aurretik magoei haurrei opariak banatuko dizkiete.IturmendiBeheko basotik sartuko dira Iturmendira errege aztiak 19:00ak inguru, haiendako propio prestatutako ibilgailuan. Musika lagun Iturmendin barnako ibilbidea eginen du erret segizioak. Bi geldialdi eginen dituzte: bata, mojen egoitzan, han daudenak bisitatzeko eta bestea elizako estalpean dagoen jaiotzan, jaio berria gurtzeko. Iturmendin barnako ibilbidea pilotalekuan bukatuko da. Erregeek haurrei goxokiak banatuko dizkiete eta mokaduren bat dastatzeko aukera ere izanen da. Biltoki edo haurren bilgunearen aldeko txartelak salduko dira. Aurten Basamutur jatetxean 2 pertsonendako afaria zozketatuko dute. AltsasuHurrengo ostegunean erregeak etorri aurretik, haien morroiak izanen dira Altsasun. Burunda pilotalekura 19:00etatik aurrera joaten diren haur guztiek erregeen laguntzaileei gutuna eman ahal izateko. Urtarrilaren 5ean, 19:30ean Altsasuko Lanbide Heziketa Institututik abiatuko da. Handik kalez kale Zumalakarregi plazara joanen dira. Karrozetatik jaitsi eta Herodesi kontu eske joanen zaizkio Erregeak. Haurrek magoengana hurbiltzeko aukera izanen dute Zumalakarregin. Baina horren guztiaren aurretik, 17:00etan Altsasura iritsiko diren erregeek bi geldialdi berezi eginen dituzte aurrena, Aita Barandiaran erresidentzian eta Josefina Arregi zentroan gero. Han dauden pertsonekin hitz egin eta opariak banatuko dizkiete. Errege bisita berezi horiek egiten diren bitartean, 18:30ean, Foruen plazan erregeak herrian barna gidatzeaz arduratuko den fale-joleen erregea aukeratuko da. Horretarako haurren artean opilak banatuko dira eta sorpresa opatzen duena izanen da erregea. OlaztiErrege Magoen Komitiba kamioian Olaztira sartuko da umeei urteroko bisitatxoa egitera 18:30ean. Meltxor, Gaspar eta Baltasar gurdi banatan, morroiak eta dozena bana suzi eramaile lagun dituztela herrian barna ibilbidea eginen dute. Herri guztian barnako bidean geldialdia eginen dute jaio berria gurtzeko. Ekialdeko magoek haien ibilbidea pilotalekuan bukatuko dute. Haur olaztiarrek erregeengana hurbildu eta haiekin hitz egiteko aukera izenen dute eta Opariren bat edo beste jasoko dute. Erregeen etorreraren aurretik, haien morroi bat Olaztin izanen da gutunak jasotzen. Hori elizaren jaialdiarekin batera izanen da.ZiordiaEkialdeko aztiak ere Ziordian bisitan izanen dira. Gurdi gainetik herritarrak agurtuko dituzte, herrian barna ibilbidea egiten duten bitartean. Ohi denez musikaz lagunduta ibiliko dira Ziordian. Behin elizan, haurrak erregeekin istant batez egoteko aukera izanen dute baita haien eskuetatik goxokiak jasotzeko ere. Elizatik atera eta gero erregeak, ziordiarrak lagun, mojen etxera joanen dira gaixo daudenak bisitatzera.