Altsasuko Udalak Euskadi Txirrindularitza Fundazioko Nafarroako txirrindulariei harrera egin zien ilbeltzaren 4an, Fundazioaren 15. urteurrena ospatzeko helburuarekin. Bertan izan ziren Sakanako hiru txirrindulariak, Gorka Verdugo, Egoi Martinez eta Jorge Azanza, baita taldekide dituzten Juanjo Oroz, Alan Perez, Jon Bru eta Javier Aramendia nafarrak ere. Orbea oreka SDA taldeko ordezkariak ere izan ziren. Miguel Madariaga fundazioaren ordezkariak adierazi zuen Nafarroa eta Euskadi fundazioek elkarren beharra dutela. "Nafarroan tradizio handia izan du txirrindularitzak eta ondorioz txirrindulari handiak ateratzen ari dira bertatik. Beharrezkoa dira horiek hartuko dituen taldeak". Azpimarratu zuen tropel profesionalean dauden 16 nafarretatik 9 Euskadi fundazioan daudela. Ekitaldian Unai Uhaldek, Altsasuko alkateak, momotxorroa irudikatzen zuen brontzezko irudia oparitu zion Euskadi txirrindularitza fundazioari. Madariagak, bestalde, 2008ko Euskaltel-Euskadiko 26 txirrindulariek sinatutako mailot bat oparitu zion Altsasuko Udaleko ordezkariari.Aukera probestu genuen Euskaltel-Euskadiko txirrindulari sakandarrekin egoteko. Hirurak ere denboraldia prestatzen ari dira. 5.000 km egin dituzte jada, Sakanan edo, eguraldiak laguntzen ez duenean, Mediterraneo aldean. Horrela jarraituko omen dute hurrengo egunetan ere, hasiera lan hau oinarrizkoa baita gero gauzak aurreikusi bezala ateratzeko. Ezagutu ditzagun beraien planak:Gorka Verdugo Etxarri Aranazko txirrindulariak, hasiera batean, Mallorcan emanen dio hasiera denboraldiari. Bere egutegia iazkoaren antzekoa izanen dela aurreikusten du: Mallorcako Itzulia, Valentziako Itzulia eta Paris-Niza izanen ditu urte hasierako erronkak. Horien ondoren atsedenalditxo bat hartuko du eta, dena ongi badoa, Tourra prestatzen hasiko da. Joan zen urtean Tourrean fin aritu zen txirrindulari etxarriarrak aurten ere irudi ona ematea du helburu. "Urtetik urtera aurrerapausoak ematen ari naiz. Iaz Tourrean nahiko ongi ibili nintzen eta ea aurten errepikatzerik badudan".Jorge Azanza Altsasuar gazteak ere Mallorcan hasteko asmoa dauka eta Criterium internacional, Lizarrako lasterketa eta, bereziki, Euskal Herriko itzulia ditu urte hasierako erronka nagusi. Urte sasoi honetako lasterketak dira Azanzari hobekien doazkionak, aurrerago alergiekin arazoak izaten ditu eta. Hasiera batean Tourrerako taldean ere badagoela adierazi du, baina azpimarratu du hori lortzeko lan ona egin beharko duela aurretik. Tourrean ez bada, Espainiako Itzulian arituko da.Egoi Martinez Txirrindulari etxarriarrak lau urte daramatza Tourrean eta Espainiako itzulian parte hartzen eta, esan digunez, aurten ere ez dira asmo nagusiak aldatuko "bi itzuli horiek izanen dira niretzat garrantzitsuenak". Hasiera batean, Italian, Tirreno-Adriatico lasterketan hasiko du denboraldia. Tourra gerturatu ahala, buruan hori izanda eginen du prestaketa. Discovery taldean egin ditu Egoi Martinezek azken bi denboraldiak. "Oso esperientzia polita izan da bi urte kanpoan egotea eta pena da taldea desagertu izana. Nik uste dut garrantzitsua dela kanpoan gauzak nola egiten diren jakitea, esperientzia gehiago edukitzeko" adierazi du. Etxera itzuli da orain, Euskaltel taldera, baina taldea aldatuta aurkitu du: "Nik uste taldea asko hobetu dela. Kanpoan zaudenean ohartzen zara ekipo honi ez zaiola ezer falta".