Joskintza-lanek Iortia hartu dute

Guaixe 2008ko urtarrilaren 17a

Maribeli jendeak berak egindako lan batez edo besteaz galdetzen zion. Joskintza-lanen ederraz jabetuta batek baino gehiagok esan zioten altsasuarrari erakusketa bat egin behar zuela. Animatu zen, baina 5 urte behar izan ditu bere erakusketa ikusi ahal izateko. Maribelek esan digu joskintza-lanak artisautza direla, "baina batzuei ez zaie hala iruditzen". Altsasuarrarendako "emakumeak gizonekin desabantailan gaude. Taila, adibidez, artisautzat dauka jendeak eta, hau, badirudi ezetz". Erakusketan ikusgai dagoen guztia eskuz egina dagoela zehaztu digu. Azken 12 urteetan sortutako lanak dira ikusgai daudenak. Erakusketarekin "pozik" dago Maribel "jende asko pasa delako erakusketa ikustera", eta gehitu du: "alabak oso polita jarri du. Halakoetarako badu ukitua. Gainera, sortzailea da". Ikusi dutenek "ongi" dagoela esan diote. Etorkizunean beste erakusketa bat egiteko asmoa ere azaldu digu. ZaletasunaMaribelek aitortu duenez "betidanik" gustatu izan zaio joskintza lanak egitea. Esan digunez "familian izebak du zaletasuna eta adinekoek diotenez amonak ere bazuen". Orratz-lan teknikak bere kabuz ikasi dituela esan digu Maribelek, "egiten eta desegiten". Umeak txikiak zirenean utzita izan zuen, baina gero berriro hartu zuen. Lantegi batean hasi zen lanean eta orduan joskintza-lanak zaletasuntzat zituen Maribelek. Baina 45 urterekin kalean gelditu zen. Saiatu zen lan berri bat opatzen, baina alferrik. Zerbait egin beharrak zaletasuna ogibide bihurtzera eraman zuen eta Egubera denda jartzea erabaki zuen. 1995. urtean zabaldu zuen denda, inolako laguntzarik gabe. Joskintza-lanak egiten dituztenen artean azkar asko egin zen ezaguna. Urtetan denda Solana kalean izan du, baina berriki Intxostia zeharbidera aldatu du denda. Handik sakandarrez gain, Goierri eta Lautadako jendeak pasatzen dira. Maribel bera ere Madril eta Bartzelonako erakusketetara joan izaten da. IkastaroakDendako erakusleihoa hasieratik zen artisau lanen erakustokia. Bere lanak eta bezeroenak erakutsi izan ditu han. Iortian dauden lan guztiak, esaterako, dendako erakusleihoan egon direla aurretik ziurtatu digu. Batek baino gehiago ikusten zuten hura egin nahi zutela esan zioten Maribeli. Hala hasi zen jendeari orratz-lanak egiten irakasten. Gero eta jende gehiago zela ohartu zen eta dendaren atzeko aldean ikastaroak antolatzea erabaki zuen. Haietako batean autorik ez zuen Lizarragako emakume bat parte hartu zuen. Haren bidez hasi zen Lizarragan ikastaroak ematen. Ondoren Bakaiku etorri zen eta ikasturte honetan Ziordian hasi da. Horietaz aparte, dendan eta Altsasuko udalarendako ikastaroa ematen jarraitzen du. Maribelek esan digu ikastaroetan "patchwork eta ehoziriak ez beste, dakidan guztia erakusten dut". Besteak beste gurutze-puntua, Holbein-puntua, kakorratza, kadeneta, Handanger brodatua erakusten ditu. Orratz-lan teknika horiek edozer gauza egiteko aukera ematen dute: koadroetatik hasi, ezkontza edo kaxera jantzietatik, pasa, mahai-zapiekin eta gortinekin segi, Santa Agedako makilekin bukatzeko. RolakMaribelek esan digunez erakusketan gizonek egindako lanak ere badaude. Altsasuarrak esan digunez, "askorendako joskintza-lanak emakumeen kontuak dira. Horregatik honetan dabiltzan gizonak lotsatu egiten dira edo ez dute publiko atera nahi izaten". Adin guztietako gizonak joaten zaizkiola dendara esan digu. Denek ere gurutze-puntua egiten omen dute. Rolak hain markatuta egotea "penagarritzat" jo du Maribelek. Joskintza-lan guztiak Iortia kultur gunean daude ikusgai, asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara eta domeketan 18:30etik 20:30era.