Gogotik egin zuen lan Hodei Mazkiaranek Los Angelesen

Guaixe 2008ko urtarrilaren 21a

Asteburu gogorra izan zuen altsasuar gazteak Estatu Batuetako hirian. Munduko Kopako 3 probetan hartu zuen parte. Larunbatean taldekako abiadura proban aritu zen Salvador Alonso eta Salvador Meliarekin batera eta 8. lekuan amaitu zuten proba. Ez zituen horrekin lanak amaitu Hodei Mazkiaranek. Egun gogorra zuen aurretik oraindik ere, igandea. Keiren modalitatean aritu zen lehenik. Lau lasterketa egin behar izan zituen: sailkatzeko bi proba, final erdikoa eta kontsolaziorako finala. Azkenean, lasterketa guztien ondoren, sailkapen nagusiko 10. lekuan amaitu zuen. Lan hori guztia egin ondoren, kilometroan parte hartuko ez zuela pentsatu zuen askok. Baina ez zen horrela izan. Kilometroa egitera atera eta 8. postu duina eskuratu zuen.Olinpiadak helburu Los Angelesen lortutako emaitzei esker, altsasuar gazteak Pekingo olinpiadetara joateko aukerak ditu oraindik. Horretarako fin ibili beharko da hurrengo probetan, pistako Espainiako txapelketan (Palman izanen da, otsailean), Munduko Kopako 4. kanporaketan (Ballerupen, otsailean) eta Manchesterren jokatuko den Munduko txapelketan. Hiru proba horiek ditu Espainiako selekzioak, 17-18. tokiak utzi eta munduko 12 herrialde onenen artean sartzeko. Eta selekzioak hori lortuta ere, olinpiadetara joateko abiadura taldean sartu beharko da Mazkiaran. 5 hautagai daude hiruko taldea osatzeko eta altsasuarra da horietan gazteena. Marka onak egin beharko ditu udaran Pekinera joateko.