Bi anai eleberria pantaila handira

Guaixe 2008ko urtarrilaren 22a

23 urte besterik ez baditu ere ez da arbizuarraren lehen lana izango. Andoiango zine eskolan ikasi zuen Imanolek eta etxe horretarako bi film labur plazaratu zituen 2005ean: No mires al sol eta Feliz año Oswaldo. Urte bat geroago La mosquita muerta eta Leihotik film laburrak karrikaratu zituen. Berak esan bezala "esperientzia hauen bidez asko ikasi dut eta salto bat ematearen beharra ikusi nuen." Horregatik sortu da Bi anai ekoiztearen ideia. Bi anai eleberria Atxagak 1985ean argitaratu zuen eta dagoeneko zenbait edizioetan irakurtzeko aukera dago. Rayok Ereinen edizio guztiak eta gaztelera zein ingelerako itzulpenak irakurri ditu lanean hasi aurretik. "Betidanik ezagutu izan dut Bernardo Atxaga, parez pare bizi izan ginelako urte askotan. Bestetik bere liburuak oso gertutik jarraitu ditut eta nire estiloarekin bat dator". Horiek izan dira Bi Anai eleberria zinemara eramateko gaztearen arrazoiak. Bere esanetan "orain arte euskarazko filmeak komediarekin lotu ditugu. Nire lanak ez du honekin zer ikusirik izanen hizkuntzak ezin duelako mugarik jarri" Orain dela urte eta erdi hasi zen arbizuarra gidoiaren moldaketak egiten eta dena ongi badoa 2009an hasiko dira filmazio lanetan.