Udala herritarren parte hartze araudia prestatzen ari da

Guaixe 2008ko urtarrilaren 24a

Izan ere, Altsasuko Udalaren azken bilkuran Altsasuko Feministak taldeak eskatu zuen Emakumearen Udal Batzordean parte hartzea, erakunde hura sortu zenetik beti parte hartu izan baitu haren bileretan. Eskaera aurretik idatziz egina zuen taldeak, baina erantzunik jaso ez zutenez mozioa sartu zuen. Taldeko kide batek bilkuran hitz egiteko aukera izan zuen eta taldearen eskaera berretsi zuen. Batzorde horretako buru den Maria Jose Notariok azaldu zuenez "legearen arabera informazio batzordeetan soilik zinegotziek parte har dezakete". Aurreratu zuenez, "taldeen parte hartzea bideratzeko Emakumearen Kontseilua sortzeko urratsak ematen ari gara". Bitartean, Emakumearen Udal Batzordera bileretara Altsasuko Feministak taldea deitzen hasi dira, eta hala berretsi digu taldekide batek. Hala ere, aurreratu ziguten kontseiluaz taldean ez dutela berririk. Bestalde, Notariok azaldu digunez eskuartean duten Berdintasun Plana lehenbailehen onartu nahi dute.