Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
50 km orduko abiadura muga dagoen arren autoak azkar pasatzen direla diote han bizi diren altsasuarrak eta horregatik auzokideek babes neurri gehiago eskatu dizkiote udalari. Zebrabide goratuak edo semaforoak jartzea eskatu dute eta salatu dute gidariek ez dutela beti errespetatzen dauden oinezkoen pasabideak. Auzo horrek biztanle berriak izanen ditu aurki, etxebizitza-blokea egin baitute han. Gainera, Beheko bentatik gogorarazten dute inguruan dagoen merkatal gunera joaten diren oinezkoendako pasabidea da auzoa.SareakBeheko bentako auzokideen beste kexu bat sareen egoera da. Euri urak eta ur beltzak ez daude banatuta. Euria gogoz egiten duenetan hodiek ez dute ematen eta gainezka egiten du, estoldak altxatu egiten dituzte eta ura kalean zabaltzen da. Gai hori konpontzeko asmoz Altsasuko Udala bildu izan da Toki Administrazio Departamentuarekin. NILSAko teknikariak ere jakinaren gainean daude. Auzoa zeharkatzen duten errepideak lehen N-1 eta N-240 izan ziren, eta haien jabe Nafarroako Gobernua da. Gobernuak udalari eskaini dio errepide horiek udalaren izenean jartzea. Udala kaleak bereganatzeko prest azaldu da, beti ere, "baldintza onetan jasotzen badu". Hau da, sareak banatzeko lanak egin eta gero. Udala foru administraziora eramanen ditu Beheko bentako auzokoen eskaerak.