Altsasu kirol elkarteak belar artifizialeko futbol zelaiaren aldeko kanpaina jarri du abian

Guaixe 2008ko urtarrilaren 24a

Altsasu kirol elkarteak Dantzalekuko futbol zelaia eta bertako ekipamenduak hobetzeko kanpaina jarri du abian. Taldeko arduradunak udalarekin bildu ziren aurreko abenduan eta jabetu ziren agintean direnek ez dutela aurtengo lehentasunen artean zelaiaren egoera hobetzea. Hori ikusita, ilbeltzaren erdialdean eman zioten hasiera Dantzalekuko instalazioek duten egoera "negargarria" salatzeko kanpainari. Lehenik eta behin, kirol elkarteak biltzen dituen taldeetako 215 jokalarien gurasoak deitu zituzten bilera batera, instalazioek dituzten arazoak ezagutarazteko eta ordura arte horiek hobetzeko egin zituzten tramiteen berri emateko. Horren ondoren sinadura bilketa jarri dute abian elkarteko gurasoek. Ekimen honen bidez futbol zelaia eta ekipamenduak hobetzeko eskaerarekin bat eginen duten herritarren babesa jasotzea nahi dute. Bildutako sinadurak udalari igorriko dizkiote. Pablo Lopez Colina, elkarteko ordezkariak esan digunez, Udala osatzen duten alderdi guztiekin egotea da beraien asmoa. 15 futbol talde daude Altsasuko kirol elkartean: erregional mailakoa, gazte mailako 3 talde, kadete mailako bat, haur mailako 3 talde, kimu mailako 4 eta benjamin mailako 1. Denera, 215 jokalari aritzen dira futbolean.Dantzalekuko instalazioen gabeziak Bi futbol zelai daude Altsasun: belarrezkoa eta hareazkoa. Kirol elkarteko futbol ataleko arduradunen esanetan, zelai horiek ez dituzte Altsasuko futbol taldeen beharrak asetzen. Belarrezko zelaian astean partidu bakarra baino ezin da jokatu. "Gainerako partidak hareazko zelaian jokatu behar dituzte beste taldeek". Urritik aurrera are larriagoa da egoera, belarrezko zelaia lokatzez betetzen da eta "erabiltezina bihurtzen da". Adierazgarria da kimu mailako bi taldek Lekunberrin jokatu behar izan dutela Sakanako Txapelketa.Futbol zelaian ez ezik, Dantzalekuko ekipamenduetan hobekuntzak egiteko eskaera ere egiten dute. Pablo Lopezen hitzetan, "aldageletan dauden dutxak ez dira nahiko horrenbeste futbol talderen beharretarako eta gainera, dauden dutxetatik 3 baino ez daude erabilgarri". Zelaian dauden argi horien lekuan argi zuriak jartzeko eskaera ere egin du futbol elkarteak, argitasun handiagoa ematen baitute. Azkenik, megafonia ekipo baten beharra ere aldarrikatzen dute.Nafarroan belar artifizialeko 42 zelai daudela adierazi du Pablo Lopezek. Horietako asko Altsasu baino herri txikiagotan, futbol talde gutxiago dituzten herritan edota baldintza metereologiko hobeak dituzten herrietan daude (Lekunberrin, Vianan, Corellan...). 2008an ere beste zenbait zelaitan jarriko dute belar artifiziala. Kirol elkarteak Altsasu horien artean egotea nahiko luke.Eskaera zaharrak Pablo Lopez Colina, Altsasuko kirol elkarteko ordezkariak esan digunez, ez da eskaera berria egiten ari direna. Kolore ezberdineko legealdi anitzetan egin diote eskaera garaian garaiko udalari eta ez dute inoiz baiezko erantzunik jaso. Ondorioz, "20 urte daramatza futbol zelaiak berrikuntzarik gabe". Eratu berri zen udal ordezkariekin egin zuten bilera abenduan eta hauek garbi adierazi zieten ez zela 2008ko lehentasunezko afera. Hori entzundakoan erabaki zuten zelai berriaren aldeko kanpaina martxan jartzea.Zelaiaren kostua Elkarteak egindako kontuen arabera, 600.000 €-ko aurrekontua behar izanen da belar artifizialeko zelaia jartzeko. Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuaren diru laguntzak kostu horren erdia estaliko lukeela aurreikusten dute. "Diru laguntza hori jaso zuten iaz zelaia berritu zuten Nafarroako 17 elkarte baino gehiagok" azaldu du elkarteko ordezkariak. Udalak beste erdia hartu beharko luke bere gain. Pablo Lopez Colinaren esanetan "ez da diru asko bertan 215 altsasuar aritzen direla kontuan hartuta".Udalak dio ez dela aurtengo lehentasuna Unai Uhalde Altsasuko alkateak aditzera eman duenez, 2008an ez dute belar artifizialeko futbol zelaiarekin hastea aurreikusten. "Aurtengo lehentasuna igerileku estaliak ireki eta Zelandiko kirol instalazioetako ekipamendua egokitzea da" dio alkateak. 2009ko aurrekontuak prestatzean aztertuko du udalak Dantzalekuko zelaiarekin zer egin. Bestalde, "Mankomunitatearekin batera Sakana mailako kirol azpiegitura" sortzea ere aztertzen ari dira.