Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Laugarren urtez jarraian hartuko du Altsasuk Nafarroako kros txapelketa, aurten distantzia motzekoa izanen dena. Dantzaleku-Sakana atletismo taldeko kideek dagoeneko prest daude izena eman duten 250 bat korrikalariei harrera egiteko.Antolatzaileek adierazi digutenez "nahi duen guztiak parte hartu dezake domekan lasterketan. Baldintza bakarra federatua egotea da". Hori dela eta, Nafarroako atletekin batera, inguruko erkidegoetakoak ere lehiatzen ikusiko ditugu. 44 emakume (5 gazte, 19 senior eta 14 heldu) eta 200 gizon (19 gazte, 75 senior eta 106 heldu). Guztiak 3 lasterketetan neurtuko dira.Probak Irteera puntutik abiatzen lehenak gizon helduak izanen dira. 11:30ean hasiko dira lasterkan eta 5.000 metrotan neurtuko dituzte indarrak. Eguerdian emakumeen txanda izanen da. Maila guztietakoak batera lehiatuko dira 4.000 metrotan. Irteten azkenak gizonen senior maila izanen da. 12:30ean abiatuko dira eta 4.000 metro izanen dituzte aurretik.Zirkuitua Guztia prestatzen Dantzaleku-Sakanako 30 kide egon dira lanean. Batzuei ibilbidean zeuden tokonak eta sasiak kentzea eta zuloak tapatzea tokatu zaie. Domekarako guztia prest izanen da. Mila metro dituen zirkuituan neurtuko dira korrikalariak. 3 lasterketetan irten eta tropela luzatzeko atletismo pistari buelta oso bat eman beharko diote, ondoren, aldapa igo eta hareazko futbol zelaitik barna basoan sartzeko. Buelta bakoitzean pistara sartzeko salto bat egin beharko dute eta azken bueltan pistaren zati batean ibili beharko dira helmugara iristeko. Antolatzaileek esan digutenez zirkuitua "azkarra" da.Sari banaketa ekitaldian guztiendako txapelak eta gizonendako momotxorroaren irudia eta emakumeendako sorginarena emanen dituzte. Guztiak Juan Manuel Herrerok, Zapak, eginak. Ondoren korrikalari guztiendako salda, txistorra eta pastelak izanen dira. Antolatzaileek Altsasuko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkiote emandako erraztasun guztiengatik.Pista Altsasuko atletismo pista egoera tamalgarrian dagoela jakina da. Dantzaleku-Sakanak behin baino gehiagotan salatu du hori, "30 urtetan ez dute ukitu ere egin". Aste honetan Sakanako Mankomunitateko lehendakariarekin bildu ziren gaiaz hitz egiteko. Klubetik jakinarazi digutenez, udaletako kirol zinegotzien bilera egin da aste honetan eta han jasotako iritziekin Migel Angel Zubiria gaur Iruñera joanen da, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Javier Esparza Abaurrearekin biltzera. Dantzaleku Sakanako kideek esan digutenez, "bai mankomunitateak, bai Altsasuko Udalak pisten konponketarako diru saila sartuko dute heldu den urteko aurrekontuetan". Atletismo klubak dioenez, "erabiltzaile potentzial asko baita, ikasleak, elkarteko kideak...".