2 anai urdiaindar atxilotuta bi adin txikiko legez kanpo atxilotzeagatik

Guaixe 2008ko otsailaren 1a

Gertaerak ostegunean, 16:30 aldera, jazo ziren. Foruzaingoak jakitera eman duenez, ikastetxetik atera berri zen gazte bat derrigorrez eta mehatxatuta autoan sarrarazi omen zuten, Aita Barandiaran adinekoen egoitza ondoan. Foruzaingoak zabaldutakoaren arabera, gazte hura lagun batekin hitzordua jartzera behartua zuten eta beste kale batean hartu eta autora sartu omen zuten. Foruzaingoak zabaldutakoaren arabera, Altsasun barna ibili eta gero Beasainera eraman zituzten gazteak, azkenik Urdiaingo etxe batera eramateko. Bi gazteak indarrez autoan sartzen zituztela ikusi zuten hainbat lekukok, tartean haien anaietako batek. Bahiketa zelakoan Altsasuko Udaltzaingoa jakinaren gainean jarri zuten eta ondoren gazteen bilaketara Foruzaingoa eta Guardia Civila batu zitzaien, Nafarroako Gobernuaren helikoptero eta guzti. Bitartean, gertaeraren zurrumurrua azkar asko hedatu zen eta altsasuarren artean kezka zabaldu zen. Gazteak Altsasura 18:30ean bueltatu zituzten, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Antza gazte altsasuarren ikaskide bati telefono mugikorra ostu zioten. Foruzaingoak zabaldu duen oharraren arabera urdiaindarrek 14 eta 15 urteko altsasuarrei egozten zieten telefono lapurreta eta, Foruzaingoak dioenez, gazteei mehatxu egin zieten telefonoa hurrengo egunerako itzultzeko.