Epaileak legez "kanpoko atxiloketa" egotzi die bi anaiei

Guaixe 2008ko otsailaren 4a

Iruñeko instrukzioko 4. zenbakiko epaitegiak larunbatean deklarazioa hartu zien larunbatean I.M.S. (25 urte) eta A.M.S (30 urte). Gipuzkoarrak omen dira eta haietako bat Urdiainen bizi da. Biak ere epailearen aurretik pasa ziren ustez "legez kanpoko atxiloketa" egiteagatik. Epaileak hori egotzi zien eta bi adin txikiko altsasuarrengandik 500 metrora ez hurbiltzeko agindua eman die. Epailearen aurretik pasa ondoren, bi anaiak behin-behineko askatasunean gelditu ziren. Gazteenak 3.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuen. GertaerakBi anaiak epailearen aurrera eraman dituen gertaerak aurreko ostegunean jazo ziren, 16:30 aldera. Foruzaingoak jakitera eman duenez, ikastetxetik atera berri zen gazte bat "derrigorrez eta mehatxatuta" autoan sarrarazi omen zuten, Aita Barandiaran adinekoen egoitza ondoan. Foruzaingoak zabaldutakoaren arabera, gaztetxo hura lagun batekin hitzordua jartzera behartu zuten eta beste kale batean hartu eta autora sartu omen zuten. Foruzaingoak zabaldutakoaren arabera, Altsasun barna ibili eta gero Beasainera eraman zituzten gazteak, eta azkenik Urdiaingo etxe batera. Bi gazteak indarrez autoan sartzen zituztela ikusi zuten hainbat lekukok, tartean haien anaietako batek. Bahiketa zelakoan Altsasuko Udaltzaingoa jakinaren gainean jarri zuten eta ondoren gazteen bilaketan Foruzaingoa eta Guardia Zibila batu zitzaien, Nafarroako Gobernuaren helikoptero eta guzti. Bitartean, gertaeraren zurrumurrua azkar asko hedatu eta altsasuarren artean kezka zabaldu zen. Adin gabekoak Altsasura 18:30ean bueltatu zituzten, Foruzaingoak jakitera eman duenez. Antza gazte altsasuarren ikaskide bati telefono mugikorra ostu zioten. Foruzaingoak zabaldu duen oharraren arabera, anaiek 14 eta 15 urteko altsasuarrei egozten zieten telefono lapurreta eta, Foruzaingoak dioenez, gazteei mehatxu egin zieten telefonoa hurrengo egunerako itzultzeko. Ostegunean bertan Foruzaingoak bi anaiak atxilotu zituen, 20:30ean eta 23:20ean.