Alderdien jardunaren etetearen kontra agertu da udala

Guaixe 2008ko otsailaren 12a

OnartuakNafarroa Baik eta Nafarroako Ezker Batuak bien mozioen alde egin zuten eta boz horiekin onartuak izan ziren mozioak. Nafarroa Baik bere mozioan eskatu zuen "aukera politiko guztiek haien iritzia adierazteko eskubidea izatea". Horrekin batera, bi alderdien jarduera "indargabetzea salatu" zuen, "berdintasun, aniztasun eta sufragio unibertsala bezalako oinarrizko printzipio demokratikoak urratu egiten dituelako". Koalizioarendako "politikan parte hartzeko eskubidea lehentasunezko ontsa da demokrazian" eta "murrizketarik" ez dutela onartuko adierazi zuten. Nafarroa Bairendako "bakea eraikitzeko eta normalizazioa lortzeko nahitaezkoa da gizartean sustraituta dauden ideologia politiko guztiak aintzat hartzea". Nafarroako Ezker Batuak, bestalde, Alderdien Legearen kontra jo zuen "erakunde terroristako kide edo laguntzaile zigorra ez duten pertsonen eskubide politikoen murrizketari ateak zabaldu zizkiolako". NEBrendako "azkenaldian estatuko abokatutzak eta Fiskaltza Nagusiak (biak ere gobenuaren menpeko) hartzen ari diren erabakiak egutegian kokatuta daude asmo elektoral eta politiko nabariarekin". Hori sistema eta erakunde demokratikoendako "guztiz negatiboa" zela nabarmendu zuen. Azkenik, Nafarroako Ezker Batuak "askatasun zibilekin eta demokraziarekin duten konpromiso irmoa eta edozein jarduera bortitz edo terroristarekiko arbuioa" azaldu zuen. EkintzaileakEAE-ANVk bere mozioan eskatu zuen udalak "larritzat jotzea" alderdiaren suspentsioa. Erabaki hori, "Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza da eta independentzia helburu duen herri sektore bakarra kriminalizatzea du helburu, Euskal Herrian independentziari ateak ixtea". EAE-ANVk eskatu zion udalari "herritarren borondatearen aurka egiten duen lege edo erabakiei inolako zilegitasunik ez aitortzea". Aldi berean, alderdi ekintzaileko udal taldeko kideei "babes osoa" eskaintzeko proposatu eta "erabaki horretatik eratorri daitezkeen ondorioei aurre egiteko konpromiso irmoa" hartzeko eskatu zuen. Horretaz gain, ekintzaileen mozioak eskatzen zuen udalak "proiektu politiko guztien bideragarritasuna aldarrikatzea". Horretaz gain, ostegun iluntzean manifestazio bat deitzeko eskatu zuten ekintzaileek. Mozioan, gainera, EAE-ANV udal taldearen eskubideak bere osotasunean bermatuak izan daitezen neurri zehatzak proposatu zituzten. Besteak beste: taldearen izena eta izaera mantentzea; hautetsiek udal jardueran era normalizatu batean parte hartzeko aukerak bermatzea eta abar. EztabaidaEkintzaileen mozioaren alde EAE-ANVko 3 zinegotziek egin zuten. Nafarroa Bai eta NEB abstenitu egin ziren eta PSNk eta UPNk kontra bozkatu zuten. Alderdi sozialistako eledunak esan zuen: "eztabaidan ez gara sartuko. Erabaki judizialak dira". Alderdi erregionalistak adierazi zuen "zuzenbide estatuan sinisten" dutela eta horregatik kontra azaldu ziren. Nafarroa Baik, bestalde, esan zuen ekintzaileen mozioaren mamiarekin ados bazegoen hainbat nabardurengatik joko zutela abstentziora. Koalizioko bozeramaileak esan zuen ekintzaileak ez direla "bakearen alde ari diren bakarrak". Jendea "errudun" gisa markatzen "adostasunera iristea zaila" dela gehitu zuen. Aldi berean, NaBai "elkartasuna adierazi eta gehiagorako" prest azaldu zen, "baina indarkeria sektarioa soberan" dagoela esan zuen. Horrek "espainiarrei tresna bat" ematen ziela eta haren gaineko "hausnarketa" eskatu zuen koalizioak.EAE-ANVko eledunak nabarmendu zuen hartutakoa ez zela "erabaki judiziala, politikoa baizik. Ez da epaileen kontua, UPN eta PSOErena baizik". Udaleko gainontzeko alderdiei zuzenduz eskatu zien "posizionamendu politikoen gainetik konpromisoak, argi eta garbiak" hartzeko. Ekintzaileen bozeramaileak esan zuen haien mozioan halakoak jasotzen zirela. Gatazka konpontzeko marko demokratikorako proposamena mahai gainean zegoela gogora ekarri zuen. Alderdi sozialistako kideei zuzenduz eledun ekintzaileak berretsi zuen "aukera independentistaren alde eginen" dutela, "bestela, suntsitu beharko gaituzue". Publiko artean zeuden 50 bat ekintzaileak txaloka hasi ziren eta "independentzia aurrera" oihukatuz bilkura gela utzi zuten, EAE-ANVko zinegotziekin batera.