Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
12:30ean, Haize Berriak banda Iortia kultur gunetik abiatuko da kalejiran. Herria inauteria doinuz jantzi eta gero, Foruen plazan bukatuko dute ibilbidea. Haize Berriak, Sakanako musika elkarteak, gonbitea egin die altsasuar guztiei plazan jokatuko den Pasodobleen Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko. Epaimahaiak bikote onenendako sariak banatuko ditu. Lagun taldeak, mozorro eta guzti, bazkaltzera bilduko dira. 18:00etan, "zezen plazan" eta Haize Berriak bandak girotuta, errekortatzaileen lehiaketa izanen da. 4 zezen, 4 izanen dira Biltoki tabernaren aurreko plazako harean, eta haiei ixkin egiten trebeena zein den erabakitzeko jendearen parte hartzea eskatu da. Jakina, musikariak ere okasiorako jantziko dira. Egunean zehar ere bestelako musika animazioa izanen da Altsasuko karriketan barna, Txorongo txarangarekin. Arratsaldean eta gauean, berriz, mozorro dantzaldirako doinuak Embrujo dantza taldeak jarriko ditu.