Jorge Azanzak Andaluzian eman dio hasiera denboraldiari

Guaixe 2008ko otsailaren 18a

Altsasuko txirrindulariak atzo eman zion hasiera denboraldiari, Andaluzian. Itzuliko lehen etapan, Benahavis eta Alora arteko 123,4 kilometro gainditu behar izan zituzten txirrindulariek. Jose Antonio Lopezek, bere etxean aritzeak emandako indarrarekin, 100 kilometro egin zituen, Lhotellerierekin batera, ihesaldian. Bi txirrindulariek batera egin zuten lan eta pelotoiari sei minutuko aldea ere ateratzera iritsi ziren. Amaieran alde hori gutxitu egin zen, baina talde nagusiak ez zuen inoiz iheslarien garaipena arriskuan jarri. Garaipena Andaluzia-Cajasurreko txirrindulariarendako izan zen.Jorge Azanza pelotoiarekin batera iritsi zen helmugara, garaile eta lehen liderrarengandik 3:38ra.Txirrindulariek 176,2 kilometro dituzte gaur, Torrox Costa eta La Zubia artean. Tartean, 2. mailako bi mendate eta 3. mailako beste bi gainditu dituzte. Badirudi, atzo bezala, ez dutela eguraldia lagun izango.