Udala azoka Iortia ingurura leku aldatzea aztertzen ari da

Guaixe 2008ko ots. 20a, 00:00

Udal talde guztiek jaso zuten azoka arautzeko ordenantzaren zirriborroa eta azokaren kokapenerako "behin betiko" proposamena. Azken horretarako Udaltzaingoak egindako txoten bat izan du oinarri udal taldeak. Unai Hualde alkateak jakitera eman digunez, "hasiera batean, behintzat, alderdi guztiak alde daude". Bestalde, Unaik jakinarazi digunez, "Altsasuko Dendarien Elkartearekin, auzokideekin eta azokako saltzaileekin beraiekin harremanetan jarri gara haien iritzia jasotzeko". Guztiak hil honetako batzordean aztertuko dituzte.

Alde onak
Unai Hualdek esan digunez, azokarako gune berriak "alde on ugari" ditu. Horien artean zerrendatu ditu "postuak muntatzeko 3 sarbide" izatea, "alde zahar eta zabalgunearen erdi bidean egotea eta toki guztietatik gertu egotea" eta "oinezkoendako azoka izatea, ibilgailuak inguruan aparkatuta egonen bai lirateke". Alkateak jakinarazi digunez, "ferietan proba egin genuen arropako azoka han jarriz eta oso ongi funtzionatu zuen". Gauzak ongi garilaren 2ko azoka kokapen berrian eginen litzateke.

Txandaka
Jakina denez, Altsasuko azoka Alde Zaharrean eta Zumalakarregi plazan egiten da, bi kokapenak urtetik urtera aldatuz. Erabaki hori 90ko hamarkadaren hasieran hartu zen. Baina Udaltzaingoak egindako txostenean jasotzen denez bi kokaguneetan azokak hainbat arazo sortzen ditu. Alde Zaharrari dagokionez, "sarbiderik ez duenez zirkulazio arazo larria sortarazten du. Hori okertu eginen da Otadiko etxebizitzak betetzean eta ikastola martxan jartzean". Txosten berean gogora ekartzen da espazio faltagatik 3 gunetan kokatzen direla postuak. Aparkatzeko arazoak eta seinaleztatu beharra dira ere Udaltzaingoak opatu dituen eragozpenak.

Zumalakarregi plazari dagokionez, "aparkatutako autoekin astero arazoak" aipatzen dute udaltzainek, "azoka egoki jartzeko astero autoak kendu behar izaten ditugu eta". Horretaz gain txostenean "azoka inguruan zirkulazio kaosa sortzen" dela nabarmendu dute eta gogora ekarri dute karrika batean autoak azokatik pasatzen direla. Gainera, "etxe batzuetako portalak ixten dira eta zenbait bizilagunek buelta handia eman behar izaten dute".

Ordenantza
Udal taldeek aztergai duten azoka arautzeko ordenantzan jasotzen da, besteak beste, zein diren azokan egon daitezkeen salgaiak, baimenak, ikuskaritzak, kontrolak, saltzaileen eskubide eta bete beharrak, salmenta postuek bete beharreko baldintzak, zigor araudia eta beste. Horrek guztiak astero azokara etortzen diren 60 bat posturi eraginen die. Elikagaiak, sukaldeko tresnak, oinetakoak, arropa eta landare saltzaileak dira gehienak.