Altsasuko Gazte Informazio Gunearen zerbitzuak, eskura

Guaixe 2008ko otsailaren 21a

Iñaki Migelek gogora ekarri zuen Udalaren Gazteria Sailaren helburua Gazte Plana zehaztea dela, beti ere gazteei ahalik eta zerbitzu hoberena emateko. "Gazte Plana zehazte bidean, iazko legegintzaldian Altsasuko gazte teknikari Blanqui Torresek egoeraren diagnosia egin zuen. Lana aurrera emateko zazpi gazteren laguntza izan zuen, hain zuzen ere udalak antolatutako aisialdiko monitore ikastaroan parte hartu zutenak". Gazteek eskatzen dutenaGazteen beharrak eta nahiak aztertzeko erabilitako metodologia inkestena izan zen. Horrela, Altsasun lan egiten duten talde eta erakundeen bidez, 12 eta 30 urte bitarteko gazteei inkestak egin zizkieten. "12 eta 20 urte bitarteko gazteek lokalen beharra aipatu zuten. Hain zuzen ere 12 eta 18 urte bitarteko gazteen %100ak lokalak behar zituztela esan zuten. Horretaz gain kontzertuak, gazteendako zinema, txangoak eta gai ezberdinei buruzko ikastaroak (sexualitate, txalaparta, drogak...) eskatu zituzten. Aldiz, 24 eta 30 urte bitarteko gazteen eskaerak bestelakoak ziren: babes ofizialeko etxebizitzak, hutsik dauden etxebizitzak betetzea, gazteendako informazio gehiago egotea (Europa eta Estatu mailako mota guztietako bekak, diru laguntzak eta ikastaroei buruz), Udalak gazteria Saila gehiago bulkatzea, gazteen parte hartzea sustatzeko gazteengan asoziazionismoa bulkatzea eta abar" azaldu zuen Iñaki Migel zinegotziak. Gazteen erantzuna neurtu nahian, Altsasuko Gazteria Sailak aktibitatez betetako "Gazte 2 Aste" ekimena antolatu zuen. Guztira 18 ikastaro eta jarduera antolatu ziren, eta 1.676 gazte hurbildu ziren Gure Etxera, tartean etorkinak. Ekimena oso positiboa izan zen" gaineratu zuen gazteri zinegotziak. Gazte Lekua eta sexu aholkularitzaAltsasuko Gure Etxean kokatua dagoen Altsasuko Gazte Informazio Guneak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko, triptikoa kaleratu du Gazteria Sailak. Triptikoa ikastetxeetan, Osasun Etxeetan, Iortia Kultur Gunean eta gazteak mugitzen diren tokietan banatuko da. Aipatu gunean mota guztietako informazioa ematen zaie gazteei, eta horretaz gain, aurten Gazte Leku txokoa eta sexu aholkularitza jarri dira martxan. "Bi ekimenak 2007ko urrian hasi ziren. Gazte Lekua larunbat, igande eta jaiegunetan eskaintzen da Gure Etxean, 17:00etatik 21:00etara. Monitore bat dago eta 12 eta 16 urte bitartekoei gazteendako aisialdi programa eskaintzen die: euren gustuko pelikulak, mahai jokoak... finean eurek eskatzen dutena. Egunero 50-60 gaztetxo hurbiltzen dira, eta egia esan, gunea txiki geratu zaigu" azpimarratu zuen Iñaki Migelek. Bestalde, gazteek sexualitatearen inguruko informazioa eskatzen zutela jakitun, Osasunbidearekin harremanetan jarri ziren eta Etxarri Aranazko Izargi Zentroko sexu hezitzaile Mayra Perez Altsasuko Gazte Informazio Gunean izanen da hilean behin, gazteek dituzten edozein zalantza eta eskaera argitzeko prest. Hilabeteko lehen asteartetan eskainiko da zerbitzua, 15:30etik 17:15era. "Badakigu ez dela oso ordu aproposa, baina gure eskaerari Osasunbideak eman dion erantzuna da. Mayra Informazio Gunean bertan izanen da, baina nahi izanez gero ordu horretan zerbitzura deitu eta sexualitatearen inguruko kezkak telefonoz ere erantzungo ditu, norbait lotsatzen bada edo" zehaztu zuen zinegotziak. Gazteria zinegotziarekin harreman zuzenaGazteengandik gertuago egoteko asmo horretan, Iñaki Migel zinegotzia hilean behin Gazte Informazio Gunean izanen da, gazteen proposamen, iradokizun, kontsulta eta eskaerak jasotzeko. Hileko lehen asteazkenean izanen da hori, 19:00etatik 20:15era. Gazteak beraiek eskatu zuten zinegotziarekin bildu ahal izatea, eta Iñaki kontentu dago horrekin. "Oso positiboa da harreman zuzen hori. Askotan gazteak kikildu egiten dira udaletxean eskabideak eta beste egin behar dituztenean, eta egokiago jotzen dute euren eskaerak niri zuzenean egitea. Eta ni, kontentu" nabarmendu zuen Iñakik. Zerbitzua ezagutarazteko beste ekimenakAltsasuko Gazte Informazio Gunean beste ekimen batzuk burutuko dira zerbitzua ezagutarazteko. Alde batetik, Informazio Gunearen logotipoarekin txapak egin dira, gazteen artean banatuko direnak, eta Gazte Lekuan ikastaroak antolatuko dira Informazio Guneko kamisetak diseinatu eta egiteko. Bestalde, Europan nahikotxo erabiltzen den proiektua bulkatu nahi dute: "antenak" kontratatzea. Hau da, Udalak 7-10 gazte kontratatuko lituzke eta gazte horiek Altsasuko Gazte Informazio Gunera joko lukete. Bertako informazio guztia jaso ondoren, ikastetxeetan informazio hori zabalduko lukete, kartelak jarri eta abar. "Gazteengana heltzeko modu eraginkorra da "antenak" kontratatzea. Eurengana informazio guztia heltzeko gazte hauek kontratatzea nahiko genuke" esan zuen Iñaki Migelek. Zinegotziak, halaber, aurki Gazte Plana zehazteko xedea azpimarratu zuen.Gazte Lekuaren beharraIñaki Migelek argi dauka Gazteria Sailaren helburua Gazteria Plana zehaztea eta Gazte Lekua eraikitzea dela. "Gazte Lekua jasotzea inportantea da, egun Gure Etxean jarri dugun Gazte Txokoa adabaki bat baita. Txiki geratzen da eta gazteek behin betiko Gazte Lekua eskatzen dute. Niretzat lehentasunezko kontua da baina gaur egun udalean egitasmo asko daude: musika eskola berria, Zelandiko kirol gune berria, haurrendako 0-3 zerbitzua eskaini ahal izatea... Ea Gazte Lekuari heldu ahal diogun, baina zaila ikusten dut" aipatu zuen gazteria zinegotziak. LABURREANAltsasuko Gazte Informazio Guneko ZerbitzuakOndokoak dira: 12 eta 30 urte bitarteko gazteendako interesekoak diren gaien gaineko informazioa eta aholkularitza; 12 eta 17 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoendako interesgarriak diren gaiei buruzko kontsultak; beharrezko informazioa bilatzeko eta sailkatzeko estrategiak; asteko berriak ateratzen dituen buletin elektronikoa: ikastaroak, bekak, gazte-truke, aisialdia, boluntariotza, lana, karnetak...; gazte elkarteak sortzeko eta gazteei zuzendutako proiektuak abian jartzeko informazioa eta laguntza; gazteriaren alorreko ekimenak egitea eta bulkatzea; eta zerbitzu espezializatu batera bideratzea, beharrezkoa bada. Banakakoei eta taldeei egiten zaie harrera. Doako zerbitzua da, konfidentzialtasun osokoa. Sexu aholkularitza: Hileko lehen asteartean, 15:30etik 17:15era. Kontsulta telefonoz ere egin daiteke (948 564 785). Gazte Lekua: 12 eta 17 urte bitartekoendako. Larunbat, igande eta jai egunetan, 17:00etatik 21:00etara, Gure Etxean. Gazteria zinegotziarekin harreman zuzena: Hileko lehen asteazkenean, 19:00etatik 20:15era. Kontsulta, proposamen zein iradokizunak jasoko dira. Tokia eta ordutegia: Gure Etxeako lehen solairuan. Astelehen, astearte eta ostegunetan 7:40etik 15:00etara eta asteazken eta ostiraletan 17:00etatik 20:20era. Telefonoa: 948 564 785Helbide elektronikoa: gazteria@altsasu.net Internet helbidea: www.altsasu.net