Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hain zuzen ere ostegunean bertan Osasun Departamentuak Altsasuko Udalari idatzi bidez Osasun Etxe parean dagoen 600 m2 inguruko partzelaren zesioa eskatu zion, aipatu egitasmoa aurrera eramateko. Hirigintza arauei begira partzela horrek zortasunak dituenez, azkenean gutxiago izango da handitzeko erabiliko den lur eremua. Kutzek nabarmendu zuen "Osasun Departamentuak urte honetarako zuen konpromisoa" zela Altsasuko Osasun Etxea handitzeko erabakia, eta lanei buruz eta zentroan zerbitzu berriak eskainiko diren galdetuta, azaldu zuen ondorengo plan funtzional batean zehaztuko dela guztia, beti ere profesionalen ekarpenen eta partzelaren ezaugarrien arabera. Zehaztu zuen landa eremuetako larrialdi zerbitzua erabakitzeko sindikatuekin egingo diren bilerekin paraleloan burutuko dela aipatu lanen tramitazioa. "Garrantzitsuena Osasun Etxe ondoko partzela eskuartean izatea eta plan funtzionala zehaztea da, eta egitasmoa aurrera eramateko erabakia hartua dagoela" azpimarratu zuen. Aurrekontuari buruz, dirua osasun etxeetan obrak egiteko dagoen diru partida generiko batetik aterako dutela azaldu zuen Kutzek. Telefonogune inteligentea eta Erresonantzia Unitate MugikorraAltsasuko Jubilatuen elkartean eskainitako hitzaldian, eta jubilatuek plazaratutako kezkei erantzuna emanez, Maria Kutzek baieztatu zuen Altsasuko Osasun Etxean zenbait hobekuntza eginen direla. Horrela, Altsasuko Osasun Etxean kontsultetarako txanda eskatzeko goiz goizetik erabiltzaileek egin behar dituzten ilara luzeen arazoa konpontzeko telefonogune inteligentea jarriko dutela azaldu zuen Osasun kontseilariak. "Nafarroako bost anbulatoriotan funtzionatzen du sistema horrek eta beste toki batzuetan ezarriko da sistema hori, tartean Altsasun. Sistema horrek deiak ordenatzen ditu. Horrela, urgentziazko deiak egunean bertan atendituko dira eta gaixo kronikoei beste egun batetarako emango zaie hitzordua". Horrekin batera, Erresonantzia Unitate Mugikorra Altsasura eta Irurtzunera ekartzeko asmoaz aritu zen Osasun kontseilaria. Aipatu erabakia hartzen bada Iruñera joan beharrean aipatu herrietan bertan eginen lirateke erresonantziak. Osasun kontseilariak, bestalde, Burunda mendebaldeko osasun eskualdeak "lehenbailehen" presidentea izateko nahia azaldu zuen. Udalak "erraztasun guztiak" emanen dituAsteazkenean Lehen Mailako Harretako arduradunak bisitan izan ziren, Osasun Etxea handitzeko aukerak aztertu eta Altsasuko udalaren jarrera ezagutzeko. Unai Hualde alkateak adierazi duenez, "ekimena bulkatzeko erraztasun guztiak emanen ditu Udalak". Egungo Osasun Etxea egiteko lur eremuaren zesioa, 770 m2koa, 1988 urtean egin zuen Udalak. Alkateak uste du ondoko partzelaren zesioarekin espazio nahikoa egonen dela Osasun Etxea handitzeko. Altsasuko Udalak partzela horren zesioa erabakitzen duenean, Osasun Departamentua izanen da lanen proiektu teknikoa eta lanen zuzendaritza esleitu eta lanen exekuzioa emango duena. Nolanahi ere, Unai Hualdek gaineratu du Altsasuko Udalak gaia gertutik jarraituko duela, Altsasuko Osasun Etxearen handitzea lehenbailehen errealitatea izan dadin. Alkateak azpimarratu du, halaber, inportantea dela Osasun Departamentuak Nafarroako Landa Eremuko profesionalek dituzten lan arazoei irtenbidea ematea. Aspaldiko eskaeraAltsasuko Osasun Etxeak dituen gabeziak konpontzeko eta zerbitzua hobetzeko eskaerak aspaldikoak dira, bai bertako langileen partetik egindakoak eta baita Altsasuko Udala eta talde politiko ezberdinen aldetik bideratutakoak ere. Esaterako, Altsasuko Udalak behin eta berriz egin du Osasun Etxea handitu eta bertan zerbitzu espezializatu gehiago ezartzeko eskaria. Bestalde, Nafarroako Parlamentuan NaBai taldeak eskari bera sarritan egin du.