Kolonbiako ikuspegi bat

Guaixe 2008ko otsailaren 28a

Baina begirada berezia. Izan ere, Altsasun ikusgai dagoen erakusketan Compartir Navarrak Kolonbian "lan egiten duen eskualdeen testu-inguru sozio-ekonomikoa" erakusten du. Iortia kultur gunean ikusgai dauden argazkiak Enrique Pimoulierrenak dira. Argazkilari iruindarra 2006an izan zen Kolonbian, gobernuz kanpoko erakundeak kudeatzen dituen egitasmoak bisitatzen. Objektiboan zehar ikusi zuena da orain Altsasun ikusgai dagoena. Egitasmoak Compartir Navarraren helburua da Hego Amerikako herritar xeheei laguntza eskaintzea. Kolonbiako Antioquia departamentuan ari da lanean. Besteak beste, gizarte sektore jakin batzuk laguntzen dituzte: Urabako biolentzia armatuaren biktima diren familia buru eta adingabekoen ardura duten emakume alargun edota desplazatuak; Antioquiako hainbat herritako 6 urtetik beherako haurrak edota ZENU indigenak. Gehiago jakin nahi duenak hobe du erakusketa edo erakundearen web orria bisitatu.