Afrikarako musika elkartasuna

Guaixe 2008ko otsailaren 29a

Ostegunean eman zion Trasteandok 5.400 euroko balioko txekea Accion contra el Hambreko Nafarroako ordezkari Iñaki San Migueli. Aurretik beste horren beste emana zuten Ginea Konakriko egitasmorako. Iñaki San Miguelek taldeari esker ona adierazi zion eta diploma bat eman zion. Esker ona Altsasuko herriari luzatu nahi izan zion eta horregatik Altsasuko udalaren izenean Iñaki Migel kultura zinegotziak ere diploma jaso zuen. Trasteando taldeko kide guztiak bildu ziren ostegunean. Haien kontzertuetara joan, diskoa erosi eta lagundu dituzten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien taldeak. Baita udalari, emandako erraztasun guztiengatik. Altsasuko musikariak, hala ere, ez dira geldi gelditu. Aurreko batean Araian elkartasun kontzertua eman zuten. Sarrerekin eta zozketako txartelekin lortutako 2.000 euroak Ekuadorko indigenak laguntzeko bideratuko da. Bestalde, Trasteando domeka goizean Iruñeko espetxera joanen da. Gazteen, helduen eta emakumeen moduloan emanaldiak eskainiko dituzte, iaz bezala. Urtero moduan Altsasu eta inguruetako adinduen erresidentzietan kontzertuak emanen dituzte.