Urtean behin adostasuneko adarrak

Guaixe 2008ko otsailaren 29a

SinopsiaTenerifeko hotel batean bi amorante bildu eta adulterioa egiten dute, soilik urtean behin. Beldurrak, aurreiritziak eta hainbat urteren poderioz pertsonaiek izan duten eboluzioak mota guztietako egoerak sortuko ditu; hori bai, egoera erromantiko eta komikoak. Bernard Slade autorearen obra Jaime Azpilikuetak zuzendu du, eta Merlo eta Civerarekin batera Sol Magunagoikoetxea eta Maria Domínguez igoko dira Iortiako oholtzara. Mundu mailan arrakasta itzela izan duen komedia Altsasun ikusteko aukera izango da, eta ikusleek barre egiteko parada izango dute samurtasunez betetako antzezlan honetan. Aurpegi ezagunakMaria Luisa Merlo aktore oso ezaguna da. Valentzian jaio zen, aktore familia ezagun batean. Bere seme-alabek ere gurasoen ibilbidea jarraitu dute. Zinean eta telebistan lan egin du, baina batez ere antzerkia du gustuko eta antzerkian murgildu da gehien. Obra askotan hartu du parte: La tercera palabra, Rosas Rojas para mi, Vidas privadas, Los Peces Rojos, Los Hijos de Kennedy... Azkenaldian Ocho Mujeres eta La fiebre del Heno antzezlanetan ikusteko aukera izan dugu. Hala ere, Maria Luisa Merlo aurretik Altsasun lanean ikusteko aukera izan genuen. 2004ko urriaren 12an Yo Leonor lana ekarri zuen Iortiara. Bakarrizketa ederra egin zuen Merlok orduan, Akitaniako Leonor erreginaren azalean murgilduz.Pedro Civera ere aktore ezaguna dugu. Telebistako hainbat serietan (Brigada Central, El Comisario...) lan egin du, baina bereziki antzerkia du gustuko eta makina bat antzezlanetan ikusi dugu. Horietako batzuetan, hain zuzen, Maria Luisa Merlorekin aritu da, tartean Los hijos de Kennedy. Beste antzezlan batzuk: Fedra, Don Juan, El Bebe furioso, El Partido, La cinta dorada, La fiebre del heno...