Azoka arautzeko ordenantza onartu du udalak

Guaixe 2008ko martxoaren 5a

Onartutakoaren arabera asteazkenero egiten den azokan, gehienez ere, 70 postu izanen dira, egun 60 inguru dira. Araudi berriak, gainera, postu bakoitzaren neurriak ere zehaztuta ditu: 6 metro luze eta 3,5 metro zabal. Eguna eta ordutegia zehaztearekin batera, saltzaileen betebehar eta eskubideak, zigor araudia eta osasun azterketak nola eginen diren zehazten du. BaimenakAzokan postuak jartzeko baimena izaterakoan lehentasuna hurrenez hurren, Altsasu, Sakana eta Nafarroako herritarrek izanen dute. Bestelako baldintzak ere kontuan izanen dira baimenak ematerakoan: aurretik ere baimena eskatu izatea; salgaiak eskasak edo berriak izatea edota eskatzailearen baldintza pertsonalak. Bestalde, ohikoak diren zenbait salmenta ibiltari onartzen ditu ordenantzak, esaterako, barkillo, gaztaina eta bestelakoen salmenta, garaia denean palma-adarren salmenta eta jai egunetan egiten dena. Udaltzaingoa izanen da araudia betearazteaz arduratuko dena. Jakina denez, Altsasuko Udala aztertzen ari da azokaren kokapena aldatzea. Udaltzaingoaren txostena esku artean du, baina beste eragile batzuen iritzia ere jaso nahi du. Prezio publikoakPrezio horiek zehazten duten araudiari alegazioak aurkeztu zizkieten Nafarroa Baik eta EAE-ANVk. Bi alderdiek ere festetan gizarte, kultura edota kirol erakundeek jartzen dituzten barrakek ordaindu beharrekoan aldaketak proposatu zituzten. Koalizioak erabilera publikoaren erabileragatik tasan erakunde horiek %20ko hobaria izatea proposatu zuen. Ekintzaileek, berriz, irabazi asmorik ez duten erakundeek tasarik ez ordaintzea proposatu zuten, "haien autofinantziazio maila hobetu eta diru-laguntzen menpe egon ez daitezen". Koalizioaren proposamenak egin zuen aurrera.