Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ekintzaileendako udala prebentzioaren arloan "eredu izan behar du sektore pribatuarendako, bai bere langileekin baita azpikontratatuekin ere". Udal barrura begira segurtasun teknikariaren egitekoak indartzea proposatu zuten ekintzaileek. Ezkerreko abertzaleendako "azpikontratazioa lan istripuen funtsezko elementua" da eta hari neurri zorrotzak ezartzeko proposamena egin zuen, "azken finean legea betetzea, haren jarraipena egitea" ekintzaileen eledunak adierazi zuenez. Ezker Batuak kontra bozkatu zuen haren ustez "proposamenak beste erakunde batzuen eskumenak, sindikatuenak eta lan ikuskaritzarenak, zapaltzen dituelako". Ezker Batuarendako udalak bere langile eta kontratatzen dituzten enpresekin gehiago landu behar du lan istripuen gaia. Nafarroa Bai, bestalde, testuaren mamiarekin ados agertu zen, baina mozioaren sarrera testua bozkatzea proposatu zuen, "eskatzen diren neurri batzuk aplikatzen direlako, baina beste batzuk nola aplikatu batzordean aztertu behar delako". Ekintzaileek, ordea, udalak "konpromiso zehatzak hartzea" nahi zituzten. Mozioari baiezkoa emanez gero "batzordean nola gauzatu aztertzeko" prest azaldu ziren. Ekintzaileak lan istripuekin bukatzeko ekimen gehiago proposatuko dituztela azaldu zuten.