Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Liburutegian interes guneak sortzearen ideia aspaldikoa zuten liburuzainek, eta lau gune sortu zituzten iaz: turismoa, informatika, familia eta emakumea. Horrela, liburutegian toki fisikoa eman zieten gune horiei eta bertan gai bakoitzari lotutako liburuak kokatu zituzten, lehenago liburutegiko beste sailetan sakabanatuta zeudenak. "Virginia etorri zitzaigun emakumea titulupean gai horri buruzko liburu bloke bat egiteko proposamenarekin, eta asko poztu ginen guk ekimena jada martxan genuelako" esan zuen Elena Aristorenak. Emakumea gaiari entitate independentea eman nahi izan zaio liburutegian. Horrela, emakumeari buruz dagoen informazioa bildu eta modu eskuragarriagoan jarri dute, kontsulta eta bilaketak errazteko. "Norbaitek emakumea gaia hartuta zerbait kontsultatu nahi badu badaki zuzenean nora jo" nabarmendu zuen Emakumeen Bilguneko teknikariak. Hain zuzen ere emakumea interes gunea toki estrategikoan paratu dute, liburutegira sartu eta eskuinean, lehendabiziko apalean. Emakumea gaia hartuta ehun liburu inguru topatu daitezke, 6 epigrafeetan sailkatuta: feminismoa, psikologia, biolentzia, gizarte zientziak (soziografia, demografia, soziologia, politika, lana, hezkuntza, etnografia, laguntza soziala...), medikuntza eta beste batzuk. Aristorenak azaldu zuen liburu hauek lehendik ere bazeudela, liburutegiko beste atal batzuetan sailkatuta. Bestalde, aipatu epigrafeak ez dira itxiak, liburu berriak eskuratu ahala atal berriak sortuko baitira. Ildo honetan, Maria Jose Notario zinegotziak gaineratu zuen Altsasuko Udalak urtero 600 euroko aurrekontua zehaztuko dela emakume atalerako liburu espezifikoak erosteko. Hezkidetza eta berdintasuna lantzen dituztenak, etiketa bereziarekinEmakumea atala sortzearekin batera, Altsasuko liburutegian hezkidetza eta berdintasuna lantzen dituzten liburu, CD, DVD, CD-Rom eta bestelakoek etiketa berezia eramango dute, Emakumeen Bilguneak diseinatutako logo berezi eta ikus erraza. "Egun sortzen diren liburu eta ipuin askotan oraindik balore tradizionalak lantzen dira: gizonezkoak dira heroiak, emakumezkoak etxeko lanetan ari dira... Horregatik, hezkidetza eta berdintasuna lantzen dituzten produktuei bizkar-etiketa jarriko diegu, erabiltzaileek jakin dezaten zein trataera duten" azaldu zuen Maria Jose Notariok. Produktu hauek bere atal propioan egongo dira - haur literatura, ipuinak, CD...- baina Emakumearen Bilguneko bizkar etiketa eramanen dute. Zinegotziak gaineratu zuen Udalak sentsibilizazio berezia duela gai honetan. "Gustatuko litzaiguke hemendik urte batzuetara pegatina hauek jarri behar ez izatea, baina berdintasunaren alorrean oraindik asko dago egiteko" gaineratu zuen Virginia Alonsok. Hizkuntzaren inguruko sentsibilizazio kanpainaAltsasuko Emakumearen Batzordeak hizkuntzaren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina jarri du abian. Aurki pleno berezi batean onartuko den Berdintasun Planaren barruan kokatzen da egitasmoa. Horrela, Altsasuko etxe guztietan komiki-egutegi bat banatu dute. Komikiak salatzen du gazteleraz hitz egiterakoan generoaren erabilera okerra egiten dela. "Gazteleraz aritzen garenean emakumeak ikusezinak bilakatzen gara, genero maskulinoan aritzen garelako. Hizkuntzaren erabilerarena gai inportantea da eta horregatik egin dugu kanpaina" adierazi zuen Notariok. Egutegiaren egilea Morkots da, eta 2.500 ale banatu dira. Martxoaren 8ko ekitaldiakAipatutakoez gain, martxoaren 8aren inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu Emakumearen Batzordeak. Atzo hezkidetzan aditua den Begoña Salasek "Biolentzia eta eskola porrotaren prebentzioa. Pentacidad hezkidetza eredua" gaia hartuta hitzaldi bikaina eman zuen Iortia Kultur Gunean. Bestalde, urtero moduan emakumea gaia hartuta zineforuma antolatu dute: Una mujer invisible, Persepolis, Odette: una comedia sobre la felicidad eta Irina Palm filmak izanen dira ikusgai martxoan barna. Martxoaren 14ko gauean Blanca Oria kazetari eta publikazioen zuzendariak hitzaldia eskainiko du Persepolis filmaren emanaldia (21:45) eta gero. Bestalde, Altsasuko liburutegiak martxoaren 8arekin bat egin izan du eta mahai batean emakumeen biografien selekzio bat egin dute. Ildo honetan, aipatu beharra dago asteazkenetik WIFI zerbitzua eskaintzen duela Altsasuko liburutegiak. Zerbitzu honek norberaren ordenagailua liburutegira eramanda internet sarbidea eskaintzen du.