1.463 sinadura belarrezko zelaiaren alde

Guaixe 2008ko martxoaren 4a

Altsasuko Kirol Elkarteak 1.463 sinadura aurkeztu zituen joan zen ostiralean Altsasuko Udaleko erregistroan, 2008an Dantzalekun belarrezko zelaia egiteko eskaerarekin bat egiten dutenak. Kirol elkarteak urtarrila erdialdean jarri zuen martxan zelai berriaren aldeko kanpaina, udalarendako lehentasunezko gaia ez zela jakin zuenean. Elkarteko taldeetan aritzen diren jokalarien gurasoekin bilera egin, eta denen artean sinadura bilketa egitea erabaki zuten.Instalazioak hobetzeko premia Sinaduraren bidez, 1.463 altsasuarrek bat egin dute Altsasuko kirol elkartearen eskaerarekin. Bi futbol zelai daude Altsasun, bat belarrezkoa eta bestea hareazkoa. Elkarteak salatzen du zelai horiek ez dutela adin ezberdineko 15 futbol taldeen beharrak asetzen. "Belarrezko zelaian astean partida bakarra baino ezin da jokatu, beti ere, eguraldiak uzten badu. Gainerako partidak hareazkoan jokatu behar dira eta, euria egiten duenean - Altsasun oso maiz- penagarria da haurrak hemen ikustea" adierazi du elkarteko futbol ataleko lehendakari Pablo Lopez Colinak.Futbol zelaiak ez ezik, Dantzalekuko instalazioek ere berritzeko beharra dutela aldarrikatu du elkarteak. "Ezinbestekoa aldagelak berritu eta erabiltzaile kopuruari egokitzea. Dantzalekuko ekipamenduen utzikeria izugarria da" salatu du Lopez Colinak "udalak joan, udalak etorri, 20 urte daramate berrikuntzarik egin gabe".Zelaiaren kostua Elkarteak egindako kontuen arabera, 600.000 €-ko aurrekontua behar izanen da belar artifizialeko zelaia jartzeko. Nafarroako Gobernuko Kirol eta Gazteria Institutuaren diru laguntzak kostu horren erdia estaliko lukeela aurreikusten dute. Udalak beste erdia hartu beharko luke bere gain. Pablo Lopez Colinaren esanetan "ez da diru asko bertan 215 altsasuar aritzen direla kontuan hartuta".