Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Sociedad Deportivak antolatuta, igandean, martxoaren 16an, gazte mailako tropela 50. Erramu Saria proba entzutetsuan lehiatuko da. Dagoeneko lasterketa horrek 50 urte bete ditu, eta data esanguratsu hori modu berezian ospatuko dute Sociedad Deportivako kideek.Aipatutako lasterketa gazte mailako proba nazionala da, eta goizeko 10:30ean abiatuko da Altsasuko Sociedad Deportiva kaleko egoitzatik, Altzania kaletik. Txirrindulari juniorrek 79 kilometrori aurre egin beharko diete, hiru portu barne. Lehenik eta behin, Donosti aldera joanen dira, N-1 errepide zaharretik, eta Zegamako bidegurutzean atzera ere buelta eginen dute, Altsasutik pasaz, Iruñeko norabidea hartzeko. Etxarri Aranatzera heldu eta, atzera ere, Altsasura bueltatuko dira, Olaztira bidean. Altamira portua igo beharko dute txirrindulariek, eta berriro ere Iruñeko bidea hartuko dute, Lizarragara heldu eta portua itzotzeko. Berriz ere Altsasura helduko dira txirrindulariak eta Olaztira iritsi eta gero, bigarrenez, Altamira portua igotzeari ekinen diote. Azkenik, Altsasura Beheko Bentatik sartuko dira, eta San Juan kaletik barna Sociedad Deportiva Alsasua kalearen egoitzan izango dute helmuga.Antolakuntzak kalkulatzen du lasterketa lehiatua izanen dela eta 12:30ak inguru erabakiko dela.