Dantza ikuskizuna Altsasun

Guaixe 2008ko martxoaren 14a

Etorkizuna dantza eskolak urtero aurresku edota soinu zahar txapelketa antolatzen du. Aurten, apirilaren 27an, domekarekin, soinu zahar txapelketa antolatuko du Etorkizuna dantza eskolak. Txapelketako gastuei aurre egin ahal izateko dirua behar eta hobekien egiten dakitena egitea erabaki dute Etorkizunako kideek, dantza. Ikuskizuna larunbatean, 20:00etan hasiko da, Iortia kultur gunean. Dantza ikuskizunaLarunbateko dantza ikuskizuna 3 talderekin osatu da. Oholtzan aurrenak Etorkizuna dantza eskolako neska-mutikoak izanen dira lehenik. 50 bat haur dira Etorkizunak Etxarri Aranatzen eta Altsasun dituen eskoletan trebatzen ari direnak. Astean bitan entseatzen dute eta haien trebezia jendaurrean erakutsiko dute larunbatean. Txikienek helduei tokia eginen diete eskenatokian. Izan ere, denboraldi luze baten ondoren Aintzindari dantza taldearekin berriro gozatzeko aukera izanen da. Etorkizuna eta Aintzindariko dantzariak elkarrekin ariko dira, baina gero bakarrik ere ariko dira. Larunbateko ikuskizuna Nahia dantza konpainiaren saioarekin osatuko da. Gipuzkoa eta Nafarroako dantzariek osatzen dute konpainia hori. Beraiek eta Aintzindariko dantzariek, koreografia berriak eskainiko dizkiete ikusleei. Haien saioan ezohikoak diren musiken doinura egindako euskal dantzak eskainiko dituzte. Aintzindari Esther Irisarri Garasa zenari egindako omenaldia eta gero berpiztu zen taldea, azaroan. Gaur egun 20 bat kide ditu, haietako zenbait berriak. Iñaki Agirre Larrazak azaldu digun moduan "taldean hasi berriak direnendako larunbatekoa estreinakoa izanen da. Haien burua dantzan nola ikusten duten, haien burua probatzeko aukera izanen da". Astelehen, asteazken eta ostiralero 20:30ean entseatzera biltzen dira eta larunbatetan labaderon hitzordua 16:30ean dute jarrita. Taldean sartu nahi duenak ateak zabalik dituela jakinarazi dute Aintzindari eta Etorkizunatik.