Kontzentrazioa Arrasateko zinegotzi ohiaren hilketa salatzeko

Guaixe 2008ko martxoaren 12a

Altsasuko Udaleko bozeramaileen batzordeak bezperan erabaki zuen 10 minutuko elkarretaratze isila deitzea. Deialdia eta ondorengo adierazpena ekintzaileek ez beste udaleko gainontzeko talde guztiek onartu zuten. Larunbat eguerdiko elkarretaratzea despeditu eta gero, udalean adostutako idatzia irakurri zen. Atentatuaren aurrean "erabateko gaitzespena" adieraztearekin batera, Altsasuko Udalak "familiari eta bere alderdiari elkartasuna eta dolua" adierazi nahi izan zion. Horrekin batera, Altsasuko Udalak "konbentzimendua" azaldu zuen "beharrezko batasun politiko eta sozialarekin ETA-rekin bukatzea lortuko dela". Aldi berean, "izuarekin gure elkarbizitza baldintzatu nahi dutenen aurrean, herritarreki balio demokratikoen defentsa egitea" eskatu zuen udalak. Azkenik, Altsasuko Udalak "ETA-ri armak utzi eta erailtzeari uzteko" exijitu zion. Udalaren adierazpenean jasotzen denez "sistema demokratikoan alderdiei zilegitasunez defendatzea dagozkien ideiak ETA-k ez ditu sekula ordezkatuko. Gizarteak gaitzetsi egiten du bizitza politikoan hiltzaileen presentzia eta bakean bizitzea eta bere eskubideak askatasunean bete ahal izatea aldarrikatzen du". Bilkuran parte hartu zutenen artean Sakanako Mankomunitateko presidentea eta hainbat alderditako kideak izan ziren. Ekintzaileak EAE-ANV-k adierazi zuenez, "PSE-ko zinegotzi ohi baten heriotzak oroitarazi digu bizi garen gatazka madarikatu honek sortzen duen mina". Ekintzaileendako "hori bezalako ekintza armatuak ekidin behar dira, atxiloketak, torturak, presoen aurkako erasoak eta ideien kriminalizazioa ekidin behar diren bezalaxe". Ezker abertzalearen Marko Demokratikorako proposamena gogora ekarri zuen EAE-ANV-k. Hartaz eta "beste eragileek planteatzen dituzten proposamenez udaletxean bertan eztabaidatzeko prestutasuna" azaldu zuten ekintzailek. "Zain badaude ere", beste udal taldeen proposamenik ez dutela jaso ere adierazi zuten. Aldi berean berretsi zuten "ildo politikoetan irtenbide demokratikoetaz hitz egiteko prest" daudela, eta "ardura eta borondate politikoa eskatzen dituen bakerako bidean aurkituko" dituztela.