Altsasuko antzerki tailerra eskenara

Guaixe 2008ko apirilaren 3a

Azken egun hauetan gogoz entseatu dute Altsasuko antzerki tailerreko kideek. Virgina Albira zuzendariak eskenatokian "gozatzeko" errepikatu die behin eta berriro. Horrekin batera hainbat zehaztapen egin dizkie, antzezlana behar bezala aurrera egin dezan. Virginiarekin lastailaz geroztik ari dira lanean 12 aktoreak. Astean behin bi orduz bildu izan dira orain arte. Mustutzea gertu egoteak, esan bezala, lana biderkatu die. SormenaIkasturte hasieran bildu eta antzezlan bat eman edo bat sortzea erabaki behar izan zuten aktoreek. Orain arte antzezlanen egokitzapenak taularatu badituzte ere, oraingoan bat sortzea erabaki zuten. Beraz, biharko antzezpenak emanaldi "bakarrak eta errepikaezinak" izanen dira. Antzezlana sortzeko aktoreak bildu eta gaiak proposatu zituzten. Jokin Zelaiak jakitera eman digunez, "gure interesetan oinarritutako 3 gai atera ziren: emakumea eta bere ukapenak; matrimonioa eta ilusioa". Aktoreak adierazi digunez, "zure antzezlana gorpuztea luxua da". Abiapuntu hori izanik, eta Virginiaren laguntzaz, antzezlanak gorputza hartu zuen. Zuzendariak "pertsonaiak lantzen asko lagundu" diela aitortu digu Jokinek. Entsegutan ikusi ahal izan dugunez aktoreak zuriz jantzita ageriko dira eskenatokian, "idatzi gabeko liburua balira bezala". Aipatu 3 gaien inguruan jarduten duten 3 ekitaldi ditu antzezlanak. Beldurra, ausardia, ukapenak, desioak eta beste adierazteko hitza, musika eta dantza erabiliko dituzte aktoreek. Vidas paralelas, escenas divergentes (Yo quiero) ikustera joateko gonbitea luzatu dute Altsasuko antzerki tailerreko kideek. Aktoreak: Erkuden Palacios, Eider Leoz, Jokin Zelaia, Pilar Bueno, Josune Diaz, Eder Goikoetxea, Irantzu Gonzalez, Lara Almoguera, Javier Garziandia, Olibi Galparsoro, Itziar Zabala eta Estibaliz Urteaga.