Gure Sustraiak erakusketa mustuko da gaur Iortian

Guaixe 2008ko apirilaren 4a

Altsasuko Iortia Kultur Guneak itzal handiko arte erakusketa hartuko du apirilaren 4tik 27ra. Izan ere, Jose Ramon Anda eskultoreak eta Xabier Morras eta Daniel Tamayo margolariek Gure Sustraiak izeneko erakusketa aurkeztuko dute gaur, apirilaren 4an, 19:00etan Altsasuko Iortian. Hiru artista entzutetsu hauek sentsibilitate eta sormen alor ezberdinekoak dira, baina antzeko kultur ibilbidea izan dute, Euskal Herriari eta sustraiei oso lotua. Euren lanak taldeko erakusketa batean bildu dituzte, eta Iortiara hurbiltzen diren ikusleek tamaina handiko oihaletan egindako oleoak eta eskulturak gertutik ikusteko aukera izanen dute. Jose Ramon Anda eskultore bakaikuarrak zura arakatu, landu eta forma eskultoriko eder eta bikain bilakatzen du. Xabier Morras margolari iruindarrak errealitatea islatzen du baina haratago emanez, gure kulturaren kontenplazio kritikoa eginez. Daniel Tamayo pintore bizkaitarrak bere obran XX. mende hasierako abangoardien pintura figuratiboko elementuak jasotzen ditu: surrealismoak, primitibismoak, pop estetikak... ez dute huts egiten, egungo gizartearen kaos sozial eta kulturala islatuz.Aurkezpenera gerturatzeko gonbitaHiru autore eta hiru estilo; hiru sortzaile eta hamaika lan. Guztiak Iortia Kultur Gunean, gure eskura. Gure sustraiak. Iortiak izen handiko artisten lanak gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu, eta Altsasuko Udaleko Kultur Zerbitzutik gaur, arratsaldeko 7:00etan izanen den erakusketaren aurkezpenera gerturatzeko gonbita luzatu nahi diete altsasuar eta sakandar guztiei.