Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Epe Ertaineko Altsasuko I. Udal Planaren helburu nagusia da "gizon-emakumeen arteko aukera berdintasuna erraztu eta bermatuko duten neurriak ezartzea da, horretarako politika planteamendu normalizatu bat eta sistema egonkorra sortuz, erakundeen eta gizartearen esku hartzea ahalbidetuko duena". ZergatiaPlanean jasotzen denez legeek emakumeari bere eskubide eta aukera onartzen dizkiote, baina "gizarte aldaketarik, berdintasun errealik, ez da lortzen legeetan soilik onartzearekin. Gizartean prozesu konplexu eta motela eman behar da, ohiturak eta kultur balioak aldatzeko". Horregatik, araudiak hobetzearekin batera "jarrera aldaketa gertatu behar" dela nabarmentzen du planak. Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, "prozesu hori azkartzeko toki logikoena da" onartutako planaren aburuz. Hori dela eta, udalak, planaren bidez, "bere egiten du aldaketa prozesu horren aitzindaritza". Udalarendako "emakumeen gizartean parte hartzea, lan arloan sartzea eta erabaki guneetan parte hartzea herriko garapen ekonomiko, kultural eta sozialean aurrerapena da". Horiek horrela, Altsasuko Udalak onartutako berdintasun planak bi oinarri nagusi izanen ditu: transbertsalitatea eta ekimen positiboa. Mari Jose Notario zinegotziak aurreratu zuenez, "planak udalaren departamentu guztiei eraginen die, baita herritar eta gizarte taldeei ere". Berdintasun planean jasotzen denez, altsasuarrek eta herri erakundeek sortuko den Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko aukera izanen dute. Lan ildoakEpe ertaineko plan hori urteroko jarduera planekin gauzatuko da. Ildo nagusiak bost dira: udal administrazioan emakume eta gizonen aukera berdintasunaren printzipioaren integrazio transbertsala egitea; emakumeen kontrako biolentziaren prebentzioa eta ezabatzea; emakumeen integrazio osoa eta garapen profesional eta laborala; kulturaren eraikuntza ez sexista, ezagutza eta informazioa eta, azkenik, emakumeendako hiritartasun osoa. BilkuraEmakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Epe Ertaineko I. Udal Plana EAE-ANVren abstentzioarekin eta gainontzeko taldeen aldeko botoarekin atera zen aurrera. Ekintzaileek bere abstentzioa argudiatu zuten esanez: "plana osatzeko prozesua ez da parte-hartzailea izan. Emakumeen taldeek ez dute parte hartu eta altsasuar gutxik parte hartu dute". Teknikariek ere antzeko ondorioak egiten zituztela nabarmendu zuen Arantza Bengoetxeak eta aurreko prozesu parte hartzaileetan antzekorik pasa bada, "akatsetatik ikasi beharko" dela azpimarratu zuten. Horrekin batera salatu zuten "orain arteko batzorde irekiaren ordez funtziorik ez duen kontseilu bat osatuko da". Mari Jose Notariok zinegotzi sozialistak erantzun zuen esanez "kontseilua osatu bitartean batzordeak irekiak dira. Kontseiluaren osaketa han erabakiko da eta nahi duen guztiak parte hartzeko aukera izanen du". Alkateak, bestalde, adierazi zuen: "plana jendearen parte hartzearekin egiteko ahalegina egin dugu". UPNko Maria Antonia Romanek faltan bota zuen milurteko helburuak gehiago ez aipatzea planean.