Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasun laukorik gabe joan-etorrian dabiltzan pertsona ugari dabilenez, duela 10 bat urte udalak erabaki zuen zenbait neurri onartzea: batetik inguruko hiriburuetara joateko tren txartelak ordaintzea pertsona horiei eta gaua kalean ez emateko aterpetxea zabaltzea. Hura kaputxinoen ibilgailuak gordetzeko eraikin zahar batean egokitu zen. 50 metro karratuetan bi gelan banatutako lau litera, sukaldea, komuna eta jangela. Parlamentariek haien begiekin ikusi ahal izan zuten aterpetxearen baldintza eskasak: zorutik hezetasun handia ateratzen da, itajurak daude, ateak ez dute ongi ixten, berogailuak paretan zintzilik daude bestela erabiltzaileek arropa lehortzeko erabiltzen zutelako eta sute arriskua zegoelako. Gainera, sukaldea eta jakien biltegia komentuan daude eta aterpetxea kudeatzen duen pertsonak ezin du nahi duenean erabili. EskaeraUnai Hualde alkatea eta Mª Jose Notario zinegotziak parlamentariei adierazi zieten aterpetxeak "gaur egun ez duela edozein ikuskaritza gainditzen". Kaputxinoak gero eta adinduagoak dira eta ardura izateari utzi nahi diotela azaldu zieten udal arduradunek parlamentariei. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari konponbidean "busti" eta kamineroen etxebizitzetako bat pasadizokoen aterpetxe gisa egokitzea eskatu zuten. Horren harira, alkateak gogora ekarri zuen aurtengo Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan Altsasuko aterpetxerako diru sail bat jasotzeko eskaria egin zuela Nafarroa Baik eta atzera bota zutela.