Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bilkura udalak antolatutako ikastaroetan izena emandako pertsonek deitu zuten eta protestarekin Zelandiko kiroldegia zabaltzea aldarrikatu zuten. Kirol azpiegitura berria "berehala zabaltzea" eskatu zuten. "Gure kiroldegia zabaltzeko konpromiso falta izateaz Altsasuko Udalak errua" duela salatu zuten bildutakoek. Udalari gai horretan "erantzun azkar eta eraginkorra" eskatu zioten. Udal ikastaroetan izena emanda dauden altsasuarrek adierazi zutenez, "gaur egun ikastaroak hartzen dituzten egoitzak ez dira egokienak". Ziurtatu zutenez, "Zelandi ikastetxe publikoko 2. mailako 60 ikasle mankomunitateak antolatzen duen igeriketa ikastarora ezin izan dira joan". Bestalde, aipatu zuten badela Arbizuko kiroldegian izena emana zeuden altsasuar batzuk kide izateari utzi ziotenak, "Zelandiko kiroldegia aurki zabalduko zelako eta, oraindik, itxita dago". UdalaAltsasuko Udalak herritarren "ezinegona" ulertzen du eta "argibideak lehenago eman behar zituela", horregatik udala "desenkusatu" da. Udalak zabaldu duen oharrean dio "eraikinaren ekipamendua ilbeltza akaberan despeditu" zela. Udalak aurreratu duenez "zeharkako kudeaketa emateko baldintzen plegua bukatzear da". Hura kirol taldeei aurkeztu ondoren apirileko udal bilkurara eramanen da. Udalak, hala ere, plegua egitea lan "zaila" dela adierazi du "kudeatuko diren kirol azpiegituren ezaugarriak direla eta". Altsasuko Udalak jakinarazi eman duenez, Nafarroako Gobernuak hasiera batean esan zion ez zela behar Babes Zibilaren txostenik. Baina obra ia despedituta zegoenean "udala ohartu zen babes zibileko zerbitzuaren oniritzia ezinbestekoa zela". Zerbitzu hark urte hasieran egindako txostenak hainbat obra egitera behartu du udala eta orain azken Nafarroako Gobernuaren azken oniritziaren zain dago. Gauzak horrela, udalak aurreratu du Zelandiko kirol azpiegitura uda aldera mustu daitekeela eta heldu den ikasturterako martxan egon liteke.