Baso-antolamendu berria eginen da

Guaixe 2008ko apirilaren 16a

Horregatik, udalaren ordezkaritza bat (Jonjo Agirre, Mariano Garcia eta Fco J. Cerdan zinegotziak) Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Enrique Eraso eta Fermin Olabe arduradunekin bildu ziren apirilaren 10ean. Altsasuko Udaletik aditzera eman dutenez, Nafarroako Gobernuko ordezkariek "agindu zuten 2009an burutu beharreko lanen zerrendan sartuko dutela" Altsasuko baso-antolamendu berria. Udaleko Mendi eta Ingurumen sailarendako "oso garrantzitsua da lotutako konpromisoa geure ondare naturalaren kontserbazioan aurrera egitea ekarriko baitu, baita Altsasuren garapen ekonomikoa sendotzeko beste aukera bat ere, jardun turistikoari eta aisialdi esparruari lotuta. Horiek, era berean, ostalaritza eta merkataritza arloen sustapenean lagungarri izan daitezke". Mendi eta Ingurumen sailetik azpimarratu nahi izan dute "Altsasu eta inguruko mendien aberastasunak, Altsasuren garapen ekonomikoan lagungarri izan litezke", beti ere, "inguruarekiko errespetuz eta trebetasunez kudeatzen badira". Horretaz gain, azpimarratu dute, inguruan ditugun hiriburuak kontuan izanda "natura-turismoa egiazko aukera izan daitekeela, kontserbazioa sustatzeko nahiz eragile ekonomiko gisa".