Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horretaz gain, zinegotzi ekintzaileek salatu zuten iazko lastailerako irekiera data zuten kirol azpiegiturak itxita jarraitzea "udaleko gobernu-taldearen (PSN-NaBai) kudeaketa ezin txarragoagatik" dela. EAE-ANVko zinegotziak kirol-azpiegituren kudeaketaren pribatizazio "asmoekin bat etorri ez" arren, baldintzen pleguari "ekarpen gehien egin duen taldea" izan dela azpimarratu zuen. Kexu azaldu ziren zinegotziak gaiaren inguruko informaziorik ez dutelako. Aldi berean, azpimarratu zuten kirol-azpiegiturak kudeatzeko enpresa publiko bat sortzearen alde daudela, "enpresaren etekinak altsasuarroi zerbitzu hobeak emateko zuzenduko liratekeen". Prozesu "azkarrago eta argiago" baten alde agertu ziren. Horregatik jakin nahi izan dute: "hainbeste denbora pasa eta gero, zergatik dago zehazteke eta onartzeke gaur egun kirol-azpiegituren kudeaketarako baldintzen plegua?" Ekintzaileek ere jakin nahi dute aurtengo "aurrekontuak oraindik onartuta ez izateak eraginik ote duen kirol-azpiegituren irekieran". Eta, azken galdera bat ere egin zuten: "ba al dauka udalak finantzaketa arazorik bere inbertsioak behar den bezala ez planifikatzeagatik?".