Bere jardunaren balantze ona egin du Gazteria Sailak

Guaixe 2008ko apirilaren 22a

Horrekin batera, sailak aurreratu du Iñaki Migel gazteria zinegotzia gazteekin zuzeneko harremana izateko bidea zabalduko dutela. Zinegotzia hileko lehen asteazkenetan, 19:00etatik 20:15era, Gazteria Zerbitzuan izanen da gazteek hari zuzenean kontsultak eta proposamenak egiteko. Gazteria Sailak jakitera eman duenez, antolatutako jarduera eta ikastaroetan parte hartzea handia izan zen (3.147 pertsona). Batez ere, 12 eta 22 urte bitarteko gazteak izan ziren parte hartu zutenak, "zerbitzuaren beharra konfirmatzen duena". Balantzean ere jasotzen da 23 eta 30 urte bitarteko gazteak ez dituela hartzen. Adin tarte horretako gazteen gaia "aztertu beharra dagoela" nabarmentzen du balantzeak, "Gazteria Sailean ez dauden bestelako jarduerak eskatzen baitituzte adin tarte horretako gazteek: emakumeen lana, etxebizitza...". Halako gaiak ez dituela ukitu nabarmentzen du balantzeak.Gazteak heldutasunera pasatzeko neurriak jarri dira martxan Gazteria Sailetik. Guztiak ere "prestakuntza, informazioa, osasuna, aisia eta aisialdiri begira". Aurreneko urtean Gazteria Sailak martxan jarritako programak eta zerbitzuak "sendotu" beharra azpimarratu du balantzeak, "kalitatezko Gazteria Saila sortzeko". Bestalde, "gazte politika integralak hartuko dituen I. Gazte Plana egitea beharrezkotzat" jotzen du iazko balantzeak. Bestelako ondorioakBlanki Torres teknikariak azaldu duenez, "identitatea sendotzeko baliagarriak diren esperimentazioa, sormena, mugikortasuna edo autonomia gaietan sakontzeko asko falta da, parte hartzearen arloan zerbait egin bada ere". Egindako ibilbideak Gazteria Zerbitzuari "nortasun adierazle batzuk eman badizkio ere" Blankirendako "martxan jartzea besterik ez du egin". Aurrera begira, proposatu du "aisialdiaz gain beste eduki batzuk gehitu behar zaizkiola gazteen behar eta arazoei" erantzuna eman ahal izateko. Guztia gazteak "heldutasunerako pasatzeko, haien autonomia eta hiritartasun osoa ahalbidetuko duten aspektuei heldu beharra dago". Teknikariak "lan bolumenak" lanaldi osoko jarduera eskatzen duela azpimarratu du. Parte hartzeaIaz Altsasuko Udalaren Gazteria Sailak 15 ikastaro antolatu zituen eta haietan 346 gaztek parte hartu zuten, haietatik 259 neskak ziren. Bestelako jarduerei dagokienez 2.556 gaztek parte hartu zuten iaz eta horietan mutikoak nagusi dira. Aldiz, gazte informazio puntutik 216 pertsona pasa ziren. Guztira 3.147. Datu horien artean ez daude Gazte Txokoa zabalik dagoenean erabiltzen duten 50-60 pertsonak edota bere jarduera libreetan parte hartu dutenak. Bestalde, sexu aholkularitza zabalik izan den 3 saioetan 20 gazte pasa dira bertatik eta Udan euskaraz egitasmoan 219 pertsonak parte hartu zutela ere ez da balantze horretan kontatzen. Iazko balantzean jasotzen denez, "parte hartzea oso altua bada ere, kontsulta eta informazioa lortzeko tresna gisa ikusten da Gazteria Zerbitzua, eta ez hiritartasunerako espazio erreal gisa".