Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Udaleko Euskara zinegotzi Jonjo Agirrek herriko sektore indartzeko eta sektore horretan euskara bulkatzeko Udalaren proiektua azaldu zien, asteazkenean, deialdira hurbildu ziren Altsasuko hainbat merkatariri. Agirrek esplikatu zuen ekimen horrek bi ardatz dituela: alde batetik, Altsasuko merkataritza, ostalaritza, komertzio eta zerbitzu-establezimenduetan euskararen erabilera bulkatzea, eta, bestetik, aipatu sektore horren egoera sozioekonomikoa zein den aztertzea, eta sektorea bera indartzeko bideak hartzea. Proiektua aurrera ateratzeko, Altsasuko Udala Altsasuko Merkatarien Elkartearekin ariko da elkarlanean. SIADECO enpresa arduratuko da 12.000 euroko aurrekontua duen proiektua eta ikerketa aurrera eramateaz, eta enpresa horretako Juanjo Allurrek azaldu zituen proiektuaren nondik norakoak. Finean, Altsasuko merkataritza, ostalaritza, komertzio eta zerbitzu-establezimenduetan euskarak bizi duen egoera eta sektorearen beraren egoera aztertuko dute, analisi sakona eginez. Proiektuaren helburua euskararen bitartez komertzioa eta kale bizitza indartzea da, hau da, komertzioan euskara bulkatu, eta komertzio sektorea bera bulkatu, piztu eta biziberritu. Juanjo Allurek nabarmendu zuenez, proiektu horren ezaugarri nagusia ikerketa aurrera eramateko modua edo plangintza da. "Alde batetik, plangintza merkatari eta ostalari guztiena izatea lortu behar dugu: euskara dakitenena, ez dakitenena, erabiltzen dutenena, ez dutenena... Bestetik, komertzioetan euskara bulkatzeak lagundu behar du Altsasuko dinamika komertzial eta soziala indartzen, merkataritza sektorea indartzen. Herriarendako interes orokorreko kontua da hori, herriko kale-bizitza indartuko baita" azaldu zuen Allurek. Lehen fasea: egoeraren diagnostikoa, planaren definizioa eta garapena Proiektuak hainbat fase izanen ditu. Lehen fasean egoeraren diagnostikoa eta planifikazioa eginen da, hiru helbururekin. Lehen helburu gisa, merkataritzan euskarak duen egoera eta establezimenduen behar sozio-komertzialak zeintzuk diren aztertuko dira. Hizkuntzaren egoera aztertzeko bidean, Altsasuko komertzioetan euskararen ezagutza maila eta erabilera zenbatekoa den aztertuko da, euskararen erabilerak Altsasuko dendetan dituen gabeziak eta abantailak behatzeaz gain. Egoera komertziala aztertzeko bidean, ondokoak ikertuko dira: komertzioetara doazen bezeroen jatorria zein den; salmenten eta errentagarritasun komertzialaren bilakaera zein den; langileen prestaketa maila eta beharrak zeintzuk diren eta merkatarien perfila zein den (prestakuntza, adina...) Finean, sektorea nola dagoen aztertu nahi da, sektorearen argazkia eginez. Bigarren helburua euskara bulkatzeko merkataritza sektoreak zein laguntza behar eta nahi dituen antzematea da; hau da, euskara bulkatzeko zerbitzu eta laguntzetarako sektoreak duen interesa jakitea. Ondoko arloetan zerbitzuak duen interesa aztertuko da: merkataritzarako euskara ikastaro espezifikoak; errotulaziorako euskarriak euskaratzeko dirulaguntzak; publizitate euskarrietan euskara erabiltzeko aholkularitza; eta ahozko komunikazio komertzialetan euskararen erabilera indartzeko aholkuak. Eta lehen faseko hirugarren helburu gisa, jarduera planaren definizioa eta garapena zein den aurkeztuko du enpresak (2009-2012 urteetan garatu beharreko plana). Horrela, epe motz eta ertainera lortu beharreko helburuak zehaztuko dira; sektorearendako laguntza eta zerbitzu eskaintzaren planifikazioa eginen da; inplikatu beharreko eragileak zeintzuk diren zehaztuko da (Udala, Merkatari Elkartea, elkartez kanpoko merkatariak, ostalaritza, bezeroak...) eta planak zein epe eta zein aurrekontu izanen dituen zehaztuko da. Finean, aurrera begira zer egin behar den zehaztuko da. Erabiliko den metodologiaAzterketa fidagarria egiteko SIADECO enpresako langileak maiatzaren hasieran hasiko dira Altsasuko denda guztietara - Merkatarien Elkartekoak direnak eta ez direnak- bisitak egiten. Herriko 200 establezimendu ingurutan izanen dira, aurretik egitasmoa aurkeztuz eskutitza bidali ostean. 20-25 minutu inguruko bisitaldiak izanen dira, eta besteak beste, merkatariek galderak eta inkesta bat erantzun beharko dute. SIADECO enpresako Juanjo Allurrek merkatarien benetako inplikazioa eskatu du "merkatariek udalari euren egoera eta behar zehatzen berri eman diezaioten eta ikerketa ahalik eta hurbilena eta fidagarriena izan dadin". Ekainaren 18ra aldera azterketaren diagnostikoa aurkeztuko dute eta emaitzak kaleratu, eta berehala ekintza plana proposatuko dute. Bigarren fasean, Udalak plana martxan jarriko duDiagnostikoa eta jarduera planaren definizioa behar bezala aztertu ondoren, Altsasuko Udalak komertzioetan euskara bulkatzeko plana eta komertzio sektorea bera indartzeko plana martxan jarri beharko du. Horrela, diagnostikoan definitu diren beharrak eskaini beharko ditu, sektorearendako zerbitzuak eta laguntzak zehaztuz, eta Altsasuko merkatariak planarekiko aktibatu beharko ditu, haien inplikazioa bilatuz. Jonjo Agirre zinegotziak Altsasuko merkataritza sektorea indartzea eta sektorean euskara bulkatzea oso garrantzitsutzat jo zuen. Altsasuko Merkatarien Elkarteko lehendakari Patxi Artigasek ere proiektu oso ilusionagarria dela adierazi zuen. "Ikerketa hau oso tresna baliagarria da. Merkataritza sektorerako informazio oso baliagarria da, baina informaziotik ekintzara pasatzea da lortu behar dena" nabarmendu zuen SIDECOko ordezkariak. Guztiak ados zeuden herriko merkataritza sektorea dinamizatu behar dela esatean. "Normalizazio linguistikorako hartzen den edozein neurrik komertzio sektorea aktibatu behar du. Komertziotan euskara bulkatzeak komertzio bera indartzea ekarri behar du. Hori da plangintza horren nahia" adierazi zuten.