Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otadiko Kristo Deuna aterpetxeak hartuko du sinposiuma, duela urte eta erdi bezala. Hego Euskal Herriko, Burgos eta Galizako 50 ikaslek eman dute izena eta haien irakasleak abesbatzen artean itzal handia duten Eduardo Correa, Basilio Astulez eta Alina Orraca Llama zuzendariak izanen dira. KlaseakSinposiumaren dinamikari dagokionez, zuzendari bakoitzarekin kantu batzuk landuko dira. Abesti horiek abesbatza mistorako, emakume abesbatzarako eta gizon abesbatzarako dira. Beraz, gizon-emakumeek bananduta lan eginen dute goizetan, bakoitza zuzendari batekin. Arratsaldean, berriz, elkarrekin ariko dira ikasleak. Landuko diren partiturak ikasleen esku daude eta Altsasun haien gainean lan egiteko aukera izanen da. Haietako batzuk 3 zuzendariek landuko dituzte. Ikasleek, gainera, haien ahots teknika hobetzeko aukera izanen dute. Horretarako bi irakasle izanen dira: Izaskun Arruabarrena eta Dorota Grzeskowial. Ikasle guztiak, banan-banan, nola kantatu behar den, teknika bokala lantzeko 25 minutuko saioak eginen dituzte ikasle horiekin. Lau egunetan landutako partiturak domeka eguerdian Iortia kultur gunean entzuteko aukera izanen da. FederazioaSinposiuma prestatzeko abesbatzen federazioak egindako "ahalegin handia" nabarmendu digu antolakuntza lanetan dabilen Carlos Gorritxok. Aldi berean, Altsasuko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio. Baita Erkudengo Ama Abesbatzari ere "federazioarekin zerikusia duen guztian laguntzen duelako". Carlosek adierazi digunez, "federazioak prestakuntza ikastaroak antolatzen ditu. Aurten Errusiako musika sakroari buruzko tailerra eta zuzendaritza ikastaroak antolatu ditugu". Altsasuko sinposiuma segida izanen da. Baina ez da horretara mugatuko, lastailaren 25 eta 26an, Altsasun ere, haurrak eta haien musika izenburua duen tailerra prestatu du federazioak. Carlosek esan digunez, "eskolaniak nola sortu ikasteko aukera emanen du tailerrak. Haiek baitira abesbatzen baratza".