Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Horrekin batera Nafarroako Gobernuari eskaera egin dio udalak bi administrazioek hitzarmen bat sinatzeko. Agiri horretan pasadizokoen aterpetxe berria egin ahal izateko finantziazio konpromisoak jasoak geratuko lirateke. Udalaren akordioa departamentuari jakinarazi zaio. IkuskaritzaApirilaren 9an bisita asko izan ziren pasadizokoen aterpetxean. Goizean Nafarroako Parlamentuko Gizarte Gai, Familia, Gazteria eta Kirol Batzordeko kideak izan ziren eta, arratsaldean, Gizarte Gaietarako Departamentuko ikuskariak izan ziren. Azken bisita horren ondoren Gizarte Gaietarako Departamentuak 18 hilabeteko epea eman dio Altsasuko Udalari aterpetxea legedira egokitzeko. Asteazken goizean Altsasuko alkate Unai Hualdek eta NaBaiko parlamentari Joseba Eceolazak prentsaurrekoa eman zuten. Ikuskaritzak aterpetxeaz esandakoaren aurrean Unaik esan zuen: "egin dugun bakarra telefono linea jartzea da. Hor ezin da ezer konpondu. Arazoa aterpetxea bera da". Alkateak kamineroen etxeetako batean zerbitzua kokatzeko eskaera berretsi zuen. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari "bustitzeko" garaia heldu zaiola adierazi zuen. Joseba Eceolazak, bestalde, jakinarazi zuen gaur arratsaldean Altsasuko pasadizokoen aterpetxearen gaia Nafarroako Parlamentuan aztertuko dela. NaBaiko parlamentariak gogora ekarri zuen zerbitzu hori hobetzeko Nafarroako aurrekontuetara emendakina aurkeztu zutela eta ez zela onartua izan. "Eskaera kontrastatua eta finkatua dagoen zerbitzua" dela nabarmendu zuen Josebak. UPN eta CDNren gobernuaren "utzikeria" salatu zuen eta departamentuari "erantzun azkarra" eskatu zion.