Udalak gobernuari partzela utzi dio osasun etxea handitu dezan

Guaixe 2008ko maiatzaren 9a

Baldintzetan lehena da Nafarroako Gobernuak udalari egitasmoa erakutsi behar diola hura gauzatzen ari direnean. Horrekin batera, osasun etxeari bigarren solairua emateko aukera kontuan hartzea eskatzen du Altsasuko Udalak. Horrek etorkizunean geriatria, X izpiak, buru-osasuna eta bestelako atalak hartzeko aukera emanen lioke osasun etxeari. Udalaren beste baldintzetako bat da gobernuak osasun etxearen saneamendu sarera lotzeko bideak ematea. Osasun etxea berritzeko lanak 3 urtetan hasiko ez balira lursaila berriro udalaren eskura pasako litzatekeela ere jaso du udalak. EgitasmoaUnai Hualde alkateak esan digunez, Osasunbideak 350 metro karratuko eraikin berri bat jasotzeko asmoa du. Eraikin berria egungoaren atzeko aldean legoke, garai batean diskoteka zegoen aldera. Bertan 4 kontsulta, itxaron gelak, gizarte langilearendako gela, 2 aldagela eta 40 metro karratuko erabilera anitzeko gela eginen lirateke. Eraikin berria jasotzearekin batera, Nafarroako Gobernuaren asmoa egungo eraikinean zenbait aldaketa egitea dela aurreratu digu alkateak. Hala, itxaron gelak txikitu eta kontsultak handitu nahi dira. Horrekin batera, gizarte langilea bere gela berrian kokatzerakoan larrialdietarako zerbitzua birmoldatu eta bitan banatuko da botikina ere hartu ahal izateko. Antza, lanak aurten hasiko lirateke. Bitartean Osasun Departamentuak Constantino Salinas osasun etxeko leihoak aldatuko ditu. Aldi berean, kontsultetan dauden usain txarren arazoa behin behinean kentzeko aire egokituko tresnak jarriko dira. Mozioa eta eskaeraAltsasuko Udalaren azken bilkuran PSNk aurkeztutako mozio bat onartu zen. Sozialisten mozioan Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio "osasun artatze egokirako beharrezko langileria" lanean jartzea Altsasuko osasun etxean. UPNk, bestalde, osasun etxe ondoan, Zelandiko sektorean udalarena den lur sail batean lur azaleko aparkamendu bat eraikitzeko aukera aztertzeko eskatu zuen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza deialdian aurkeztu eta %100eko diru laguntza lortzeko aukera zegoela aipatu zuen Antonia Roman bozeramaile erregionalistak.