Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dagoeneko 30 bat pertsonek eman dute izena. 50 parte-hartzaileren muga jarri du Altsasuko Mendigoizaleak taldeak. Argazki rallyaren egoitza Bioitza kanpina izanen da eta argazkilariak handik abiatuko dira. Hori 8:00ak eta 10:00ak bitartean egin dezakete. Parte-hartzaileek Urbasa hobekien irudikatzen duten argazkiak lortzeko gehienez ere bost ordu eta erdi izanen dute. Lanak 12:00etatik 13:30era bitartean eman beharko dizkiete antolatzaileei. Epaimahaia, zozketa bidezParte hartzaileek 36 argazki egin ditzakete eta haietatik, 6 soilik aurkez ditzakete lehiaketara. Altsasuko Mendigoizaleak taldetik adierazi digutenez arau horrekin lortu nahi dutena da "parte-hartzaileek argazkia gehiago lantzea. Argia, diafragma eta bestelakoekin jokatzea. Kamera digitalekin hori galdu egin da, argazki pila egiten dira eta kitto". Rallyan parte hartu dutenen artetik epaimahaia aterako da. Horretarako Altsasuko Mendigoizaleak taldeko kideek zozketa eginen dute. Argazkilariak beraiek izanen dira, beraz, 6 sariak emateaz arduratuko direnak. Parte-hartzaile guztiek, bazkaltzen duten bitartean, lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak proiekzio bidez ikusteko aukera izanen dute. Altsasuko Mendigoizaleak taldetik esan digunez, "ferietan egiten dugun rallya herriarekin, jaiarekin lotuta dago. Oraingo hau kultur-kirol ekitaldia da". Aurreratu digutenez, "rallya urtero eginen dugu, baina gaia aldatuz. Beti ere inguruko mendiak oinarri hartuta. Hala, heldu den urteetan Aralar eta Aizkorri izanen dira gaia". Horrek argazki bilduma egiteko aukera emanen die. Haien asmoa da sarituak web orrian zintzilikatzea eta parte-hartzaile guztiei emanen zaien DVD batean jasotzea.