Zaldibiko Almitza Sega Elkarteak lehenengo sega liga antolatu du. Almitzaren I. Sega Liga izena hartu du txapelketa berri horrek, eta nazioarte mailakoa da. Sei jardunaldi izango ditu, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatuko direnak. Guztira 39 segalari lehiatuko dira, 29 gizonezkoen kategorian eta 10 emakumezkoan. Tartean bi sakandar ditugu: Bixente Mitxelena eta Ainhoa Mazkiaran altsasuarrak.Txapelketaren ezaugarriei dagokienez, sega librean jokatuko da txapelketa. Jardunaldi bakoitzean emakumezkoek 50 metro koadroko saila ebaki beharko dute eta gizonezkoek 100 metro koadrokoa, hau da, 7x7 eta 10x10 metro. Txapelketa liga sistemara jokatuko denez, jardunaldi bakoitzean lortutako puntuen metaketak erabakiko du azken sailkapena. Beraz, parte hartuko duten segalariei komeni zaie ahalik eta jardunaldi gehienean lehiatzea, puntu gehiago eskuratzeko. Antolakuntzatik azaldu dutenez, jardunaldi bakoitzeko puntuen banaketa txapelketaren hasieran izena emango duten segalarien kopuruaren araberakoa izango da.Gizonezkoetan lehia estua espero da, faborito asko baitaude. Lehiatuko diren segalariak ondokoak dira: Jokin Etxeberria, Jexus Mari Goenaga, Unai Iraola, Andoni Dorronsoro, Jokin Garmendia, Arkaitz Arteaga, Julen Etxeberria, Igor Astondoa, Jaime Atxa, Pabi Astondoa, Joxe Atin, Migel Angel Goioaga, Jon Kanfalanka, Joxe Gabirondo, Andoni Goikoetxea, Mikel Aranalde, Miel Mari Jauregi, Juan Mari Agirrezabala, Iker Garmendia, Igor Esnaola, Jon Lapazaran, Iñaki Lizaso, Juan Joxe Lizaso, Andoni Zuriarrain, Iñaki Izagirre, Joakin Garmendia, Jexus Mari Lasa, Andoni Egia eta Bixente Mitxelena altsasuarra. Lan gogorra egin beharko du Mitxelenak, arerio latzak izanen baititu.Emakumezkoetan, aldiz, 10 emakume ariko dira lehian: Maria Luisa Gabirondo, Arrate Garin, Irati Astondoa, Ainhoa Ansa, Aloña Galarraga, Ixabel Ansa, Iurre Olano, Josune Gorostidi, Naroa Geresta eta Ainhoa Mazkiaran. Ea altsasuarra nola moldatzen den.Sei jardunaldi Txapelketa maiatzaren 18an hasiko da, Zerainek hartuko baitu lehen jardunaldia, igande horretan, 17:30etik aurrera. Bigarrena ekainaren 15ean jokatuko da Igorren, hirugarrena ekainaren 29an Tolosan, laugarrena uztailaren 13an, Asteasun, bosgarrena uztailaren 20an edo 27an, Artean, eta seigarrena eta azkena abuztuaren 2an, Oiartzunen.