Pasadizokoen aterpetxea lekuz aldatuko da

Guaixe 2008ko maiatzaren 12a

Koalizioak aurkeztutako idatzian Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio Altsasuko Udalarekin bil dadila, "udalak ematen duen zerbitzurako egokiagoa den toki batera leku aldatzeko egoitza bat uzteko". Kamineroen etxeak aipatu ziren. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuari udalarekin hitzarmena sinatzeko eskatu zaio, egoitza berria egokitu eta "dagoen eskaerari erantzun egokia emateko". Joseba Eceolazak mozioa defendatzerakoan gogora ekarri zuen eraikina ez dela Altsasuko Udalarena. Aldi berean, Nafarroako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdiei kritika egin zien bere garaian gai horrekin aurrekontuetara aurkeztutako zuzenketa atzera botatzeagatik. Zuzenketa hura legea bete ahal izateko aurkeztu zela nabarmendu zuen NaBaiko parlamentariak. Gizarte Gaietarako Departamentuak "gizarte bazterketaren kontra ez" aritzea eta "erreakzio gaitasun falta" izatea leporatu zion. IritziakParlamentuko talde guztiek tokia ez zela duina onartu zuten eta alde bozkatu bazuten ere, Altsasuko Udalarekiko kritiko azaldu ziren batzuk. UPNko Concepcion Mateok aterpetxearen ardura udalarena zela gogora ekarri zuen eta kritikatu "7 urtetan gizarte-bazterketarako gobernuaren laguntzen deialdira udala ez dela aurkeztu". Alderdi Sozialistako Jose Javier Monzonek adierazi zuen "udal autonomian sinisten bada eta zerbitzuak eman nahi badira presio fiskala handitzeko" aholkua eman zuen. Udalak bere ardurak bete ez izana salatu zuen. CDNko Juan Cruz Allik gogora ekarri zuen Altsasuko Udalak Ongizate Departamentuarekin ikasturte honetarako hitzarmena sinatuta duela. Hala ere, udalaren "arduragabekeria" salatu zuen mantenu eta inbertsiorako laguntza deialdietara ez aurkezteagatik. "Presio fiskala igo beharrean laguntzak eskatzea nahikoa" zela esan zuen Allik. Ezker Batuko Ana Figuerasek, bestalde, esan zuen ez zuela uste udalak gaiari "arreta jarri ez zionik".