Gerra garaiko Altsasu idazle uruguaidar baten luman

Guaixe 2008ko maiatzaren 13a

Egileak, Alberto Irigoyenek, hiru pertsonaiaren bizitzak harilkatzen ditu urte latz horietako giroan murgiltzeko: batetik, Ignacio Argiñarena eta bere familia; bestetik, Francisco Bergós mediku katalana; eta azkenik, Marino Ayerra Redín, Gerra urteetan Altsasun apaiz izan zena. Eleberrian agertzen diren pertsonaia guztiak errealak izan ziren, baina ez zuten inoiz elkar ezagutu. Liburuaren orriak irakurtzen ditugun heinean, Errazkin eta Biurrungo bi gazteren bizitzak eta haien arteko maitasunaz kutsatuko gara; gertutik irudikatu ahal izango dugu 1936ko altxamendua Iruñean; eta erreketeen ondoan bizi ahal izango dugu gerraren miseria, krudeltasuna eta zentzugabekeria. Ignacio Argiñarena eta bere familia gerra ondorengo urte latz horietan Altsasun bizi izan ziren. Argiñarena, Orobeko harrobian arduradun izan zen —jakina denez, gerra-presoak aritu ziren harrobian lan egiten—. Bertan ikusi eta bizitakoarekin bihotza apurtzen zitzaion egunero Ignacio Argiñarenari. Gainera, razionamendu garaian, bere familia gosea pasatzen ikusteak areagotzen zuen bere mina. Azkenean, kostata, Ameriketara joatea erabaki zuten. Helmuga: Uruguai izan zen. Ttarttalo argitaletxeak plazatu du Alberto Irigoyen uruguaitarraren lana; gure historia hurbila ezagutzeko lan hunkigarria.