Egitarau zabalarekin dator Gazte 2 Aste

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Egitaraua gaur bertan jarriko da martxan, eta hasteko mahai-ingurua izanen da. Altsasuko gazteriari buruzko 2007ko diagnosia izanen dute hizketa-gai hura gauzatzen lagundu zuten gazte taldeek. Mahai-ingurua 19:00etan hasiko da eta Gure Etxean izanen da. Hura despeditu eta gero, 20:30ean, Altsasuko batukadaren saioa izanen da Foruen plazan. GehiagoLarunbatean herriko gazteek antolatutako warhammer, marrazki eta argazki erakusketa izanen dira ikusgai Gure Etxea eraikinean. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izanen da ikusgai. Arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, bi tailer izanen dira. Labadero eraikinean Andoni Lopez de Goikoetxeak malabareekin trebatzeko ikastaroa emanen du. Gazte txokoan, aldiz, bitxi tailerra izanen da. Hara joaten direnek, fimo eta buztinarekin bitxiak egiteko aukera izanen dute. Domeka arratsalderako, 17:30etik 20:30era, komiki tailerra dago iragarria. Gure Etxea eraikinetik pasatzen direnek Jose Mari Morcillo marrazkilariarekin batera komiki pertsonaiak sortzen ikasiko dute. Geroxeago, 19:00etatik 21:00etara, gazte txokoak mus eta mahai-jokoen txapelketak hartuko ditu. Egitarauak heldu den asteburuan izanen du segida.OharrakAltsasuko Udaleko Gazteria Sailak jakitera eman duenez, tailer guztiak musu truk dira. Baina malabare tailerrean, eta hurrengo asteburuan izanen den animazio tailerrean, plazak mugatuak dira eta izen-ematearen ordena errespetatuko da. Bestalde, astebururo bezala, Gure Etxeako gela batzuk libre egonen dira 17:00etatik 21:00etara eta ordutegi horretan jarduera libreak garatzeko aukera izanen dute gazteek. Azkenik, Gazteria sailak jakinarazi du prestatu diren ekitaldietan parte hartzen dutenen artean Gazte Informazio Gunearen logoa duten 400 kamixeta banatuko dituela.