Gobernuaren salaketa baten ondorioz Nafarroako bandera udaletxeko balkoian

Guaixe 2008ko maiatzaren 19a

Altsasuko Udaleko Nafarroa Baiko (NaBai) taldeak jakitera eman duenez Toki Administrazioko Departamentuak udazkenean udalari eskatu zion udaletxearen kanpoko aldean Nafarroako bandera jartzeko. NaBaik jakitera eman duenez, "hasiera batean jaramonik ez egitea erabaki zuen eta hala jakinarazi zen Bozeramaileen Batzordean". "Adierazi gabeko ituna"NaBaitik gogora ekarri dute udalean duela zenbait legegintzaldi dagoen "adierazi gabeko ituna". Horren arabera ez da inolako banderarik jartzen eta festetan herrikoa besterik ez da jartzen. "Bere garaian erabaki hori hartu zen premiagabeko tentsioak ez sortzeko" esan dute Altsasuko NaBaiko udal taldetik eta, gehitu dute "planteamendu hori bizikidetza harmoniatsuago baten alde egokia zen lehen eta da orain". Hala jakinarazi zioten Toki Administrazioko Zuzendari Nagusi Pedro Pegenauteri.Nafarroako Gobernuak Altsasuko Udaletik emandako azalpenei jaramonik ez zien egin eta udaberrian salaketa jarri zion Nafarroako bandera ez zintzilikatzeagatik. Horrekin batera, kautela-neurria eskatu zuen, bandera zintzilikatzera behartzeko. "Auzitegiak ziurrenik kautela-neurria onartuko zuela jakinik" alkatetzako taldeak erabaki zuen udalaren "denbora eta dirua ez galtzea eta Nafarroako bandera jartzea Gobernuaren helegitea kendu ahal izateko". Altsasuko NaBaiko udal taldea kritiko azaldu da Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin, eta nafarrendako eta altsasuarrendako "gai garrantzitsuagoetara eta onuragarriagoetara bere denbora eta baliabideak bideratzea" eskatu dio. Adibide gisa, osasuna, garraio publikoa, Lanbide Heziketa eta beste jarri zituzten.