Mitxelenak eta Mazkiaranek hasiera bikaina eman diote ligari

Guaixe 2008ko maiatzaren 20a

Txapelketa sega librean jokatzen ari da, eta jardunaldi bakoitzean emakumezkoek 50 metro koadroko saila ebaki behar dute eta gizonezkoek 100 metro koadrokoa. Bada, Zeraingo lehen jardunaldiko garaipena Gazteluko Joxe eta Marialuixa Gabirondo anai-arrebendako izan zen, biek lan paregabea eginez eta ligako lehen postuan jarriz. Mitxelena 8.a eta Mazkiaran 2.aAntolakuntzatik adierazi dutenez, Zeraingo belardian belar ugaria eta berdea aurkitu zuten lehiatu ziren 35 segalariak. Gizonezkoak aritu ziren lehen. Gazteluko Joxe Gabirondok lan paregabea egin zuen, 100 metro koadroak 3:22an moztuz. 13 segundoko aldea atera zion bigarrena sailkatu zen Legorretako Jexuxmari Lasari. Oiartzungo Bixente Mitxelenak lan bikaina egin zuen, lehian aritu ziren 28 gizonezkoen artean 8.a sailkatu baitzen (4:01).Bestalde, emakumezkoetan Gazteluko Marialuixa Gabirondok ez zuen etsairik izan. 50 metro koadroko saila ebakitzeko 2:45ko denbora behar izan zuen. Ainhoa Mazkiaran altsasuarra izan zen Gaztelukoaren atzean gehien nabarmendu zen segalaria. Altsasuarra bigarrena sailkatu zen, 3:12ko denboran. Almitzako I. Sega Ligako sailkapenean gizonezkoetan Altsasun bizi den Bixente Mitxelena zortzigarrena da eta emakumezkoetan Ainhoa Mazkiaran bigarrena. Txapelketako bigarren jardunaldia ekainaren 15ean jokatuko da, Igorren.